Zarauzko bizilagun izandako emakume baten hilketa matxista ari dira ikertzen Benidormen

Erredakzioa 2022ko ira. 26a, 12:05
Iazko hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzea. (Hitza)

Benidormen zuen etxean topatu du 68 urteko emakumearen gorpua Espainiako Poliziak, indarkeria zantzuekin. Senarra auto istripu batean hil dela esatera zihoan Polizia. Udalak jakinarazi duenez, sei urtez egon zen erroldatuta udalerrian. Soraluzeko Plaentxi.eus herri komunikabideak Zarauzko Hitzari adierazi dionez, soraluzetarra da bart gauean Benidormen (Herrialde Katalanak) hilik aurkitu duten emakumea. 

Espainiako Poliziak Zarauzko bizilaguna izandako 68 urteko emakume bat hilda topatu du Benidormeko (Herrialde Katalanak) bere etxean. Haren senarra trafiko istripu batean hil dela esatera joan da hara Polizia. Bikoteak hainbat urte zeramatzan Benidormen bizitzen, eta Zarauzko Udalak jakinarazi duenez, emakumea sei urtez egon zen udalerrian erroldatuta. Soraluzeko Plaentxi.eus herri komunikabideak Zarauzko Hitzari adierazi dionez, soraluzetarra da bart gauean Benidormen (Herrialde Katalanak) hilik aurkitu duten emakumea. 

Hilketa ikertzen ari da Espainiako Polizia. Indarkeria zantzuak zituen gorpuak, bi sastakada, eta indarkeria matxista kasu bat izan daitekeela zabaldu dute. Poliziak zabalik topatu du biktimaren etxeko atea.

Ustezko hiltzailea biktimaren senarra litzateke, 73 urtekoa. Trafiko istripuan hil da gizona, baina jakinarazi dutenez, lehen zantzuen arabera, litekeena da bere buruaz beste egin izana. Gidatzen ari zen autoak garabi baten aurka jo du bart La Vila Joiosa (Herrialde Katalanak) parean.