Udalak 6.000 euroko laguntza emango dio Chernobilen Lagunak elkarteari

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 28a, 13:30

Txernobyl inguruko adingabeen harrera programan laguntzeko bideratuko dute zenbateko hori.

Zarauzko Udalak 6.000 euroko dirulaguntza emango dio Chernobilen Lagunak elkarteari, Txernobylgo hondamendi nuklearraren ondorioz kaltetutako adingabeen harrera programan parte hartzen duten haurrak eta beraien familiak Euskal Herrira ekartzen laguntzeko.

Elkarteak Txernobyl inguruko umeak ekartzen ditu udako oporrak Gipuzkoan pasa ditzaten, eta, horretarako, Zarauzko Udalaren laguntza jasotzen du urtero. Aurten, ordea, Ukrainako gerra dela eta, aipatu programa bertan behera geratu da, baina elkarte horrek programatik kanpo hainbat ume eta beraien senide ekarri ditu, gerra baretu arte bertako familien babesean egon daitezen. Une honetan ezin da jakin noiz arte geratuko diren.