"Eskatzen duguna da entzungor ez egitea ezkiaren mozketaren aldarriari"

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 30a, 11:00

Tiloak plataformak deituta, ur saneamenduko obren ondorioz Nafarroa kalean egin nahi den ezki mozketaren aurkako prosteta egin zuten hainbat herritarrek atzo arratsaldean Lege Zaharren enparantzan. Era berean, plataformako zenbait kidek hitza hartu zuten udalbatzarra hasi baino ordu erdi lehenago, beraien kezka eta ezinegona adierazteko, baina baita gaiaren inguruan zenbait alternatiba aurkezteko ere.

Arratsaldeko 18:00etan jarri zuten hitzordua, eta eguraldi goibela egin bazuen ere, jendetza elkarretaratu zen udaletxe aurrean ezkiak mozteko erabakiarekin desados dagoela adierazteko. Askok etxean egindako pankartatxoa eraman zuen Ezkiak bizirik!, Mozketarik ez! edo SOS! bezalako leloekin, zuhaitzez eta kolore berde nahiz maroiez koloreztatuta.Aldarriak ere ez zen falta izan, batzuen lapiko soinuekin: Ez, ez, ez! Ezkiak moztu, ez!

Era berean, osoko bilkura hasi aurretik, hitza hartzeko aukera izan zuten Tiloak plataformako lau kidek; izan ere, EH Bildu eta Podemos Equo-Berdeak alderdien bitartez, plataformak ezkiak moztearen aurkako mozioa aurkeztu zuen atzoko plenoan. Amaia Olaskoaga, Juan Uriarte, Jone Aldabadetreku eta Inazio Azurtza aritu ziren plataformaren ordezkari lanetan, bakoitza bost minutuko txandatan.

"Nafarroa kaleko zuhaitzen defentsan, Tiloak plataformaren alde dauden 5.800dik gora pertsonen izenean hitz egiten dugu. Eta plataforma honetatik eskatzen duguna da gurekin konektatzea eta entzungor ez egitea ezkiaren mozketaren aldarriari", mezu zuzen horrekin ekin zion hitzartzeari Olaskoagak. Era berean, erabakiak "arinkeriaz" hartu dituztela leporatu zien udalari, "benetako azlanik egin gabe".

Aldabaldetrekuk zuhaitzik gabeko Nafarroa kale bat irudikatzera gonbidatu zituen udal ordezkariak, eta gogora ekarri zuen duela 45 urte antzeko gauza gertatu zela Gipuzkoa kalean. Bi kaleen artean dagoen aldea ikusteko eskatu zuen: batean, zuhaitzak nagusi dira eta bestean, apenas dago. Erabaki hura "mingotsa" izan zela azpimarratu du: "Horregatik, denbora gehiagorekin hartu behar dira erabaki hauek, alderdikeriak alde batera utzita".

Ezkiek ematen dituzten onurak jarri zituen mahai gainean Azurzak: itzala emateaz gain, 8 gradu gutxiago eman dezake bero handia egiten duen egunetan; osasuna fisikoarentzat eta mentalarentzat egokiak dira; hiri-lorategi egitura ematen dute; mesedegarriak hiriko kutsadurarako... Horrez gain, ur saneamenduko azpiegituren obrak egin eta ezkiak ez mozteko plataformak aztertu dituen bi alternatibetako bat aurkeztu zuen: 60  zentimetroko kotatik behera, zuhaitzen sustrai-sistema kaltetu gabe, tunel batzuk jartzea.

Iriarte izan zen hitza hartzen azkena, eta honek bigarren alternatiba planteatu zuen: zanga Nafarroa kaleko errepidearen erditik eginda. Plataformako kideak bere txanda baliatu zuen Udal Gobernuari aurpegiratzeko aztelanaren enkargua ezkiak mozteko erabakia hartu ondoren egin zuela. "Jakina, gure proposamenekin ahal da aurrera egin, zuhaitzik moztu gabe. Ezkiak gure ondare dira, eta kontuan hartu alternatibak badaudela", biribildu zuen Iriartek.

Lau kideek esandakoa, nagusiki, mozioan jaso zuten, eta udabaltzarrean landu zuten azken gaia izan zen. EH Bilduk eta Podemos Equo-Berdeak aurkeztu zuten Tiloak plataformaren izenean, baina ez zen onartu, Udal Gobernukoen (EAJ eta PSE-EE) aurka 12 botoekin; EH Bilduko 8 zinegotziek biezkoa eman zuten eta Podemos Equo-Berdeakeko bozeramailea abstenitu egin zen.

"Ez dira bideragarriak"

Xabier Txurruka alkateak adierazi zuenez, plataformako kideek aurkeztutako bi proposamenak ez dira balekoak. Antza denez, errepide erditik egiteko alternatiba Errepideen Foru Arauen aurkakoa da, eta beste alternatibaren inguruan, tuneladora bat erabiltzeari dagokionez, alkateak ezezkoarekin arrazoitu zuen.

"Ingenieriei kontsulta egin ondoren, esan digute ez dela bideragarria zoru antropikoz osatutako metro t'erdiko geruza baten pean, Nafarroa kaleko espaloien azpian, berritu beharreko azpiegiturak sartzeko tunel bat egitea, gaineko zoru antropikoa eta bertan hedatu diren sustraiak kaltetu gabe, eta ondorioz ezkien estabilitatea arriskuan jarri gabe", azalpenak eman zituen Txurrukak."Gainera, nahitaezko legez betebeharra da hodi zaharrak aldatzea, ez badiegu gure seme alabei lur azpian amiantoa utzi nahi lur azpian".

Udalak Tiloak plataformako teknikariak gonbidatu zituen Gipuzkoako Urak obra zuzendaritzako teknikariekin, udal teknikariekin eta Tecnigral enpresako adituekin bilera bat egitera, azalpen gehiago jasotzeko eta proposatzen dituzten alternatiben inguruan ikuspuntuak kontrastatzeko .