Plaieroak 2022-2023

Hasi da futbolaren magia Zarauzko hondartzan

Aritz Mutiozabal 2022ko urr. 9a, 14:15

Eguna iristeko irrikaz zegoen jendea, eta agerian utzi dute hori gaur goizean hondartzan elkartu diren 28 taldeek; izatez, 30ek eman dute izena, baina bik atseden eguna zuten gaurkoan. Narros jauregi paretik hasi eta Desertu Txiki ondoraino joko eremuz jantzi da kostaldea denboraldiko lehen jardunaldia jokatzeko. 

Eskarmentu handiko talde beteranoak, urte gutxi batzuk daramatzatenak eta estreinakoz hondarretara jaisten zirenak bat egin dute, bakoitzak bere elastikoa defendatzeko gogoarekin. Eguzkia lagun eta tenperatura gozoa egin du, eta hori atsegina izan da bai jokalarientzat, baita ikustera joan diren lagun, familiarteko eta zaleentzat.

Lehiak lehia eta emaitza edozein izanda ere, kirol legea eta lagunartea nagusitu da beste behin. Azken finean, giro hori da antolakuntzatik sustatu nahi dutena. Horregatik, jardunaldia amaitutakoan plaiero potea egin dute Arrano tabernan.

Erlazionatuak