Lorelei taldeak 'Ekografiak' bilduma plazaratu du

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urr. 14a, 17:00

Gaur aurkeztu dute 'Ekografiak' bilduma. (@MartxeloDiaz)

Bada hiri gorri bat diskoa plazaratu zutenetik 25 urte betetzen dira aurten, eta mende laurden horren ospakizunaren aitzakian, Ekografiak kantu bilduma plazaratu dute Asier Serranok eta Mikel Gorosabelek, Elkar etxearekin.

Gaur aurkeztu du Lorelei taldeak Ekografiak kantu bilduma. Bada hiri gorri bat diskoa plazaratu zutenetik 25 urte bete dira aurten, eta "bizirik lurperatu" zuten proiektuari heldu diote berriro ere Asier Serrano Zarauzko bizilagunak eta Mikel Gorosabelek. Duela bi urte hainbat zuzeneko eskaini zituzten Antxon Sarasua eta Loiola Madera musikariekin elkartuta. Pandemia garaia iritsi zen ondoren, eta orduan proposatu zion Gorosabelek Serranori diskoa plazaratzea kantu berriak sortuta.

Hortik abiatu zen Ekografiak bildumaren proiektua. Gaur aurkeztu dute Elkar zigilupean lan berria bi musikariek, eta "kontraste handiko diskoa" dela esan dute. Gorosabelek sortu du musika, eta Serranorenak dira letrak; azaldu duenez, "oso pertsonalak baina, aldi berean, oso kolektiboak". Azaldu du letrak idatzi zituenean operazio batetik irten berria zela, eta "ezertarako gogorik gabe" zegoela garai hartan. "Uste nuen sorkuntza beti geratzen den sua izaten dela, baina minak hartuta ninduen; hara non, Mikel anaia agertu zen lan hau proposatuz". Lehen abestia "desgogoz" egin zuela azaldu du, baina nonbaitetik indarrak atera, eta Ekogragiak abestia sortu zuen, eta orduan ohartu zen sorkuntzak "badaukala botere baltsamikoa". Segidan ondu zituen gainontzeko letrak, eta hunkituta azaldu du hura izan zela botikarik hoberena.

Behin diskoa aurkeztuta, zuzenekoak eskaintzen hasiko dira abendu-urtarrilean. Aurreratu dute disko berriko nahiz zaharretako abestiak eskainiko dituztela oholtzan, eta kontzertuak ematera itultzeko "gogotsu" agertu dira, Lorelei berria jendeari aurkezteko gertu.

Ikusi hemen Non zabiltza kantuaren bideoklipa: