Arima Soul musika taldeak Espainiako emanaldi zirkuitu batean hartuko du parte

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urr. 19a, 11:05

Girando Por Salas deialdian hautatu dute Zarauzko taldea diskoa kaleratu berritan

Hilaren hasieran plazaratu zuten lehen lan luzearen aurkezpen-bira betean da Arima Soul eta albiste ezin hobea jaso du bide horretan aurrera egiten jarraitzeko: estatu osoko aretoetan emanaldiak eskaintzeko Girando Por Salas deialdian hautatu dute. 676 talde aurkeztu dira musikarien profeizonalizazioa bultzatzea helburu duen deialdira eta Arima Soulekin batera beste 25 taldek jasoko dute laguntza. Ikuskizun horiek hartuko dituzten aretoak, berriz, 210 izango dira.

Girando Por Salas zirkuituan eskainiko dituzten emanaldiak non eta noiz izango diren zehaztu bitartean, Mikel Makala eta Lidia Insausti buru dituen laukoteak dagoeneko jakinarazi ditu disko berria aurkezteko lotu dituen hitzorduetako batzuk: azaroaren 4an Aretxabaletan izango dira, abenduaren 11an Durangoko azokan eta martxoaren 3an Getxon.  Pasa den ostiralean eman zioten hasiera aurkezpen birari Donostiako Lugaritz kultur etxean.