Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Itsas Kirol Poloa proiektua aurkeztu zuen atzo arratsaldean Orioko Arraunetxen. Bertan izan ziren udal elkarteko, Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariak, eta baita eskualdeko hainbat alkate eta eragile ere.
Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak esan zuen bi helburu dituela egitasmoak: sektorea profesionalizatzea batetik, eta itsas kirola eskualdean erreferentea izatea, bestetik.
Atzoko ekitaldia agintarientzat eta komunikabideentzat izan zen, eta aurkezpenaren ondoren, mahai ingurua egin zuten hainbat kirolari eta enpresarirekin. Aurrerago, berriz, UKUEren asmoa da herritarrentzako aurkezpenak egitea herriz herri.