Beste bost haur parke berrituko dituzte urte hasieran

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urr. 23a, 11:00
Iban San Martin Obretako zinegotzia eta Xabier Txurruka alkatea. (Zarauzko Udala)

250 mila eurotik gora bideratuko dituzte lan horietara eta udaberrirako amaitzea aurreikusten dute. Bestalde, Pilartxo-Eneako parkea estaltzeko proiektua du eskuartean udalak.

Azken hilabeteetan herriko zortzi haur parke atondu dituzte Zarautzen; duela bi aste atzera berriro zabaldu zuten Lapurdi kalekoa azkena. Dena den, hamahiru dira berritu beharreko parkeak udalak udan esleitu zuen kontratuaren arabera. Urdaneta, Kani Berri, Duke Enea, Azken kalea eta Zelai Ondoko parkeak dira falta direnak eta 257.603,88 bideratuko dira obretara. Lanak 2023ko lehen hiruhilekoan egingo dituzte; ondorioz, udaberrirako espero dira parkeak erabilgarri egotea.

Orain arteko lanak aurrera eramateko 592.742,30 euroko inbertsioa egin da eta Iban San Martin Obra zinegotziak azaldu duenez udalaren nahia da herriko parke guztietara zabaltzea berritze prozesua: "33 parke ditugu eta laster beste bi gehituko dira Salberdinen, beharra ikusi ahala herriko parkeak berritzeko asmoa dugu".

Pilartxo-Eneako parkea estaltzeko asmoa

Berritze lanez gain, beste 250.000 euroko diru partida gehitzea ere aurreikusten du udalak herrian bigarren parkea estaltzeko. Xabier Txurruka alkatearen hitzetan herritarren eskaera da eta duela 5 urte estali zuten Salbideko parkeak izan duen emaitza ona ikusita, hura errepikatu nahi dute.