Euskararen kale erabilerak gora egin du zertxobait Zarautzen

Mireia Galarza Bastida 2022ko urr. 22a, 12:49
Olatz Altuna Klusterreko kideak eman zituen azalpenak. (Mireia Galarza Bastida)

Soziolinguistika Klusterrak ostegunean aurkeztutako txostenaren arabera, "Zarautzen gertaturiko bilakaera berdintsua da Euskal Herrian behatu denarekin alderatuz gero". Auzoen artean, Azken Portun entzun da euskara gehien, eta adin tarte guztietan gora egin du euskararen erabilerak, adinekoetan izan ezik. 

Ostegunean aurkeztu zituen Soziolinguistika Klusterrak Zarauzko hizkuntzen kale erabileraren azken neurketako emaitzak: Zarautzen entzun dituzten elkarrizketen %50,7 euskaraz dira. Duela urtebete egin zuten neurketa, 2021eko irailaren 18tik urriaren 16ra. Klusterrak Zarautzen egindako hirugarren neurketa izan zen iazkoa, eta euskararen erabileraren datua aurreko hiruetan baino hobeagoa izan da, igoera nabarmenik gabe, betiere. 2011an egindako lehen neurketan, %50 izan zen euskararen erabileraren datua eta 2016an, aldiz, %50,5koa. Olatz Altuna Klusterreko kidearen hitzetan, "Zarautzen gertaturiko bilakaera berdintsua da Euskal Herrian behatu denarekin alderatuta".

Soziolinguistika Klusterreko neurtzaileek udalarekin adostutako bost ibilbidetan egin zituzten entzuketak: Alde Zaharra, Azken Portu, Eroski ingurua eta Itxasmendi, Iñurritza eta San Pelaio, eta Malekoi ingurua.

Ibilbide bakoitzean bina orduko sei entzunaldi egin zituzten; guztira 60 ordu, beraz. Kalean entzundako elkarrizketak zer hizkuntzatan ziren (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntzaren batean), solaskideen sexua eta adin tartea, eta entzundako elkarrizketetan tartean haurrik bazen ala ez; horiek dira neurtzaileek jaso zituzten datuak, Klusterraren ohiko metodologia jarraituz. Horrela, 4.321 elkarrizketa eta 12.829 solaskideren hizketaldiak entzun zituzten, %0,9ko akats tartearekin. 

Azken Portun gora, Alde Zaharrean behera

20.000 biztanletik gorako herri euskaldunena da Zarautz, eta %74ak euskaraz badaki ere, erabilera ez da berdina auzo guztietan. Iñurritza eta San Pelaio eremuak izan dira azken bi neurketetan elkarrizketa gehien euskaraz entzun dituzten guneak, baina azken ikerketaren emaitzekin batera aldatu egin da hori. Azken Portuk igoera nabarmena izan du, elkarrizketen %74,1a euskaraz izan baita eremu horretan -2016an %52koa zen datua-. Iñurritza eta San Pelaion, berriz, %65,9koa da datua. Eremu horretan ez da aldaketa nabarmenik egon, nahiz eta igoera izan duen. Hain zuzen, elkarrizketen %63,9a zen euskaraz 2011n eta %62,8 2016an.

Malekoi inguruari dagokionez, igo egin da bertan erabilera, baina euskara gutxien entzuten den eremua izaten jarraitzen du. Elkarrizketen %37,8a izan dira bertan euskaraz, eta 2016an %36,4a izan ziren.

Eroski inguruan, Itxasmendin eta Alde Zaharrean, aldiz, elkarrizketa gutxiago entzun dituzte euskaraz azken neurketan. Eroski inguruan eta Itxasmendin ez da izugarrizko beherakada izan; hain zuzen, elkarrizketen %49,2 izan dira bertan euskaraz, eta orain dela bost urte %52 izan ziren. Alde Zaharrak izan du beherakada handiagoa. Bertan, %45,3ra jaitsi da erabilera, eta 2016an %56,2 izan ziren bertan euskarazko elkarrizketak. 

Euskaraz gehiago, adinekoak salbu

Aurreko neurketarekin alderatuta, euskararen kale erabilerak adin tarte guztietan gora egin du Zarautzen, adinekoetan izan ezik. Haurrak (2 eta 14 urte artekoak) eta gazteak (15-24) dira euskaraz gehien hitz egiten dutenak. Entzundako haurren %72,9 ari ziren euskaraz eta gazteen %61,6. Adin horretatik gorako herritarren artean, euskararen kale erabilerak nabarmen egiten du behera. Entzundako helduen (25-64) %43,6 eta adinekoen (64 urtetik gorakoak) %32,5 besterik ez ziren ari euskaraz.

Haurrek eta gazteek beraien adin beretsukoekin daudenean helduagoekin daudenean baino euskara gehiago erabiltzen dutela ere erakutsi dute kale neurketaren datuek (%78,1), eta helduek haurrak tartean daudenean euskaraz gehiago egiten dutela ere bai (%66,9); azken hori da joera orokorra Euskal Herri osoko datuetan ere. Helduen arteko elkarrizketetan, ostera, nabarmen egiten du behera euskararen erabilerak (%37,5).

Emakumeen (%49,4) eta gizonen (%52,3) artean alde ez oso nabarmena dago hizkuntzaren erabilerari dagokionez, eta horrek Euskal Herriko joera orokorretik bereizten ditu Zarauzko emaitzak, azterketa orokorrak erakutsi baitu emakumeek euskara gehiago erabiltzen dutela gizonek baino.

Etxean, euskaraz gutxiago

Klusterrak bere azken ikerketan neurtutako datuak ez izanda ere, Altunak aldagai soziolinguistikoen bilakaeraren berri ere eman zuen, EUSTATen hainbat ikerketetan oinarrituta.

Bere hitzetan, hiztun euskaldunak geroz eta gehiago badira ere, lehen hizkuntza euskara duten eta etxeko hizkuntza euskara den kasuak beheranzko joera bat dute Zarautzen. 2016ko datuak dira azkenak (EUSTATek urte amaieran plazaratuko ditu berriak), eta horien arabera, zarauztarren %54,3arentzat da lehen hizkuntza euskara (1991n %62,9 zen). Etxeko hizkuntza ere geroz leku gutxiagotan da euskara (1991. urtean %48,4koa zen datua, eta 2016an %40,8)

Amaitzeko, inguruarekin ere alderatu zuen Altunak Zarautz. Azaldu zuenez, hirugarren eremu linguistikoa deritzonean kokatzen da Zarautz, euskaldunen kopurua %50etik %75ra artekoa den udalerrien artean. Eremu horretan, %37,4koa da euskararen batez besteko kale erabilera, Zarauzkoa baino dezente txikiagoa; aldiz, Urola Kostako batez bestekoaren (%63,7) oso azpitik dago Zarauzkoa.