Aste honetan kenduko dituzte haizeak botatako zuhaitz eta adarrak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urr. 25a, 12:30
Patxi Elola Lorezaintza zinegotzia Pilartxo Eneako parkean haizeak botatako ezkiaren alboan (Jabi Gonzalez Toston)

Ia 100 kilometro orduko haize boladak neurtu ziren igandean eta horren eraginez lau zuhaitz erori ziren herriko hainbat zonaldetan. Hala ere, ezbehar larririk ez zuten sortu.

Asteburuko haize bolada gogorrek kalteak eragin dituzte herriko hainbat zonaldetan zuhaitzak edo adarrak bota ondoren. Patxi Elola Lorezaintza zinegotziak azaldu duenez, kalte horiek ez dira handiegiak izan, baina sortutako arriskua aintzat hartzekoa da; izan ere, norbait harrapatu zezaketen erori diren zuhaitzek edota adarrek. Pilartxo Eneako haur parkearen atzeko lorategian, esaterako, ezki oso bat bota zuen haizeak igande eguerdian eta Inurritzako zelaian errepidea hartu zuen beste bat ere bai. Horrez gain, Vista Alegren akazia erori zen eta Azken Portun sagarrondoa.

Halaber, adarrak erori direla jakinarazteko herritarrengandik jaso dituzten abisuak eskertu ditu zinegotziak, eta, argitu du arriskua eragin zezaketen adarrak eta enbor zatiak kendu dituztela honezkero. "Egia da oraindik ez ditugula eroritako zuhaitzak erretiratu, baina ez dute arriskurik sortzen. Zati handiak dira eta ondo markatuta dago ingurua. Astea amaitu aurretik amaituko dituzte garbiketa lanak lorezainek" zehaztu du Elolak.

Aldi berean, Lorezaintza zinegotziak esan du lanean ari direla halako gertaera arriskutsuak errepikatu ez daitezen eta udalak abiatutako bide-orria defendatu du. Zentzu horretan, ezkien gisako zuhaitz handiak ordezkatzearen beharra azpimarratu du eta oso arriskutsutzat jo ditu. Elolak argudiatu duenez, haizeteetan "bela efektua" egiten dute eta erori egiten dira osasuntsu egon arren.