Udalbatzak aho batez onartu du Zarautz 2030 Plan Estrategikoa

Aritz Mutiozabal 2022ko urr. 28a, 15:45
Zarauzko udal talde politiko guztietako ordezkariak, Zarautz 2030 Plan Estrategikoarekin bat. (Zarauzko Udala)

Objektibotasuna, parte hartzea eta gardentasuna oinarri hartuta landu dute plana, eta datozen zazpi urteetan jarraitu beharreko ibilbide orria izango da, jasangarritasunari dagokionean.

Jasangarritasunaren ildotik datozen urteetan herrian eman beharreko urratsak zehazten dituen Zarautz 2030 Plan Estrategikoa onartu zuten atzo arratsaldean, urriko osoko bilkuran. Txostenak udal talde politiko guztien oniritzia jaso zuen, eta aho batez egin zuen aurrera. "Plan garrantzitsu hau izan eta gozatu nahi dugun herriari buruzko hausnarketa partekatua da. Halaber, hurrengo belaunaldiei zer ondare utzi nahi diegun erabaki nahi dugu. Datozen zazpi urteetan jarraitu beharreko norabidea zehazten du, eta herritarrek eta udalek jarraitu beharreko ibilbide orria da", azaldu zuen Proiektu Estrategiko eta Berrikuntzako zinegotzi arduraduna den Iker Basurkok.

Prozesuak urtebete baino gehixeago iraun du, eta funtsezko hiru premisa kontuan hartuta egin da: objektibotasuna, parte hartzea eta gardentasuna. Egin beharreko lana 5 ildo estrategikotan, 22 programatan, 117 ekintzetan barnebiltzen da. "Horrek guztiak izan nahi dugun Zarautz hori lortzera hurbilduko gaitu. Plan bizia eta dinamikoa da, eta aurrerantzean lan egin beharko da kontzientziatzeko Lurrarekiko zer-nolako harremanak ditugun", azpimarratu zuen Iker Basurko.

Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren helburua da udalerriaren etorkizuna irudikatzea, eta irudi hori errealitate bihurtzeko modua bilatzea. Eratu den planak lerro estrategiko batzuk ditu egungo errealitatearen eta etorkizuneko Zarautzen arteko bidea egiteko. Horretarako, eta abiapuntu gisa, egungo egoera aztertu dute garapen jasangarriko helburuetan oinarrituta, eta Zarauzko Agenda 2030 zehaztu dute. Bertan, honako hauek txertatu dituzte: formulazio estrategiko bat 2030 urteari begira, ekintza plana eta bere jarraipen plana, eta garapen iraunkorreko udal adierazpen bat. Horretarako, udalaren barruko ikuspegia –politikoa zein teknikoa– jasotzeaz gain, herritarrenak eta eragile sozialenak nahiz ekonomikoenak ere jaso dituzte egindako parte hartze prozesuan.

Adostasun zabala

Podemos Equo-Berdeak udal taldeko bozeramaile Oihane Delgadok eta PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek planarekiko adostasun osoa erakutsi zuten, eta biek ala biek Nerea Ollokiegi udal teknikariaren lana goraipatu zuten. Vazquezek, bere aldetik, adierazi zuen parte hartze prozesua "zehatza eta oso ona" izan dela, eta "horrek jasotako emaitza bermatzen" duela.  Bere esanetan, "plan honek gure ibilbide orria izan behar du Zarautz jasangarriagoa izateko, klima aldaketari aurre egiteko eta ingurumena zaintzeko. Baina ez hori bakarrik, alor ekonomikoak eta sozialak ere jasotzen baitira bertan. Orain, lan egitea tokatzen zaigu, eta zaie ondorengo Udal Gobernuei".

EH Bilduk ere hasieratik egin zuen bat planarekin, eta aldeko agertu ziren herenegun ere. Edonola ere, izan dituzte hainbat kezka, eta horiek partekatu nahi izan zituen koalizioko bozeramaile Itziar Muruak: "Prozesuari dagokionez, jende askok hartu du parte, baina honen inguruan pena sentitu dugu, zeren guk nahi baino gutxiago izan direlako. Jakin badakigu ez dela erraza izaten, eta ahaleginak egin direla. Hala ere, taldeak egon dira eta emankorrak izan dira, baina jendetsuagoak izan balira, hobe".

Beste kezketako bat da, Muruaren esanetan, lantalde edo parte hartze espazio horietan proposatu ziren ekintzak zenbateraino hartuko ote diren kontuan planean. Horri lotuta, gainera, jasotako emaitzek "kezka areagotu" diela nabarmendu zuen bozeramaileak: "Ados gaude emaitzek jartzen dutenarekin, baina oso modu irekian planteatuta daude. Horiek aurrera eramaterakoan modu askotara interpretatu daitezke, eta segur aski gero iritzi ezberdinak izango ditugu". Horretarako, joan den hilabetean onartuta Mugikortasun Plana jarri zuen adibidetzat. " Izan ere, ez da guri gustuko litzaiguken moduko plan bat izan". Txostenarekin ados dagoela azaldu zuen EH Bilduk, baina etorkizunean hori nola burutuko den "beldurra eta ziurgabetasuna" ematen dion.

Basurkok eskertu egin zuen oposizioak jarritako konfiantza, eta zilegitzat jo zuen hainbat ekintzetan ikuspegi edo ildo politiko ezberdinak edukitzea. Azken finean, ibilbide orri bat da eta guztiok itsasontzi berean goaz, lema edonork daramalarik ere. Orain guk gidatzen dugu, baina etorkizunean beste edonor izan daiteke. Kontua da norabide jakin batean joan behar dugula, eta ekintzak oraindik ez daude oso zehaztuta, plan dinamikoa eta bizia delako, eta guztion artean garatzen joan behar dugulako, denon onerako".

 

Mahai gainean geratu da ostalaritzako ordenantza

Ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduek bide publikoa erabiltzeari eta okupatzeari buruzko udal ordenantza behin betikoz onartzea tokatzen zen udalbatzarrean. Maiatzean behin-behinean onartu zuten, EAJren eta Podemos Equo-Berdeak aldeko botoekin, baina PSE-EE gobernukideak ezezkoa bozkatu zuen aldi hartan, eta EH Bildu abstenitu egin ziren. Atzoko dinamikak beste itxura bat har zezakenez, bozkatzeko unean Xabier Txurruka alkateak etenaldia egin zuen. Itzuleran, ordenantza onartuko ez zenaren beldurrez edo, gaia mahai gainean uzteko eskatu zuen, erregelamendu organikoak horretarako bide ematen duela argudiatuz.

Bigarren eten baten ondoren, Udalbatzak bozkatu egin zuen ea ordenantzaren gaia mahai gainean utziko zuten. Gloria Vazquezek baiezkoa eman zuen, alkateak ostalarien gaueko ordutegiak gainbegiratzea truke. Itziar Murua ere aldeko agertu zen, baldin eta ordenantza hobetzeko bada. Hala ere, bi alderdiek adierazi zioten alkateari gaia udalbatzarrera ekarri baino lehen iritsi behar dela akordioetara. Oihane Delgadok, bere aldetik, galdetu zuen ordutegian aldaketak eginez gero ea ordenantzak behin behineko izaera hartuko luken eta alegazioak egiteko aukera sortuko litzateke. Horren aurrean, alkateak zera erantzun zion: aldaketa txikia baldin bada ez dela beharrezkoa prozesua berriz hastea, baina aldaketa mamitsua izanez gero, berriz prozesua hasi beharko litzakeela.