Gaur hasi eta hilaren 13ra arte, samartinak ospatuko dituzte Urdanetan

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 4a, 09:00

San Martin eguna azaroaren 11 izango den arren, gaur 20:00etan botako dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa. Sei festa egun izango dira, eta egitarau zabala antolatu dute auzo elkarteko kideek.

San Martin eguna azaroaren 11n izango den arren, festak ospatzeari gaur bertan ekingo diote Urdaneta auzoan. Horrela, bi ostiralez, bi larunbatez eta bi igandez ospatuko dituzte jaiak, eta auzo elkarteko kideek ez dute nolanahiko egitaraua antolatu sei egun horietarako. Denetariko jarduerak eta ekitaldiak izango dira, adin eta gustu guztietako herritarrentzat: afariak, mus txapelketa, bertsolariak, trikitilariak, idi dema, ume jolasak, pilotako finalak eta abar.

Gaurko bertso afarirako txartelak erosteko epea dagoeneko bukatuta dago; ez, ordea, biharko Mus Txapelketan izena ematekoa. Parte hartu nahi dutenek Indamendi elkartean eman beharko dute izena, bihar, txapelketa baino lehen, 20 euro ordainduta. 

Egitaraua

Gaur, ostirala

  • 20:00. Txupinazoa.
  • 21:00. Bertso afaria, Indamendi elkartean. Iker Zubeldia eta Angel Mari Peñagarikano ariko dira kantari, Danel Olano gai jartzailearen aginduetara.
  • Ondoren, Erromeria Elizagoien ahizpekin goizaldera arte, Indamendi elkartean. Ximor taberna ere zabalik izango da.

Bihar, larunbata

  • 16:00. Mus Txapelketa, Indamendi elkartean.
  • 16:00. Ume jolasak, txokolate beroa eta sorpresak, frontoian.
  • 23:00. DJ Bon eta DJ Hidalgo. Ximor zabalik, goizaldera arte.

Azaroak 6, igandea

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Auzotarren arteko pala txapelketaren finala.
  • 13:00. Herri kirolak. Izeta eskolako neskak harri jasotzen. Izer eta Alabier trikitilariek girotuko dute jaialdia.
  • Ondoren, auzoko nagusien bazkaria, Indamendi elkartean. Bazkalostean, Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolarien eta Izer eta Alabier trikitilarien saioa, Indamendi elkartean.
  • 18:00. Tabernaz taberna kalejira bertsolariekin eta trikitilariekin. Jarraian, erromeria Izer eta Alabierrekin, 23:00ak aldera arte.

Azaroak 11, ostirala. San Martin eguna

  • 12:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Tortilla patata lehiaketa.
  • Jarraian, auzotarren herri kirol saioa, trikitilariek girotuta.
  • Arratsaldean, kalejira.
  • 23:00. Fan&Go taldea, frontoian. Ximor taberna zabalik izango da goizaldera arte.

Azaroak 12, larunbata. Oilasko biltze eguna

  • 06:00. Oilasko biltzea, Aritz Hernandez Larrume eta Iban Gorriti Beltza bertsolariek eta Izer eta Alabier trikitilariek girotuta.
  • 21:00. Bildutako oilaskoekin auzotarren afaria, Indamendi elkartean. Jarraian, erromeria Ostolaza eta Narbaizarekin, frontoian.
  • 00:00. DJ Davila, Ximor tabernan, 04:00ak aldera arte. Tabernak zabalik jarraituko du gero ere.

Azaroak 13, igandea

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Gazteen pilota txapelketaren finala.
  • 13:00. Herri kirolak. Izeta eskolako harri jasotzaileak: Izeta IV.a, Azpiazu eta Iraitz Arruti. Pentatloi erakustaldia, Izeta V.aren eta Izeta VI.aren eskutik. Laja eta Lutxurdixok girotuko dute herri kirol jaialdia.
  • 17:00. Etxetxoren eta Izetaren idi pareen arteko dema.
  • Jarraian, erromeria Laja eta Lutxurdixorekin, Ximor tabernan, 22:30ak aldera arte.
  • Festei amaiera emateko, Patata Dantza lehiaketa eta traka zaratatsua.