Pandemia garaian terrazei emandako baimen bereziak bertan behera geldituko dira

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 6a, 12:00

COVID-19ari aurre egiteko murrizketak indarrean ziren garaian, terrazak eta beladoreak zituzten ostalaritza establezimenduentzat aparteko baldintzak onartu zituen Zarauzko Udalak. Orain jakinarazi du, datorren asteazkenean, azaroak 9, indarrik gabe geldituko direla neurri horiek guztiak. Horrenbestez, pandemia aurretik zeuden arauak bete beharko dituzte aurrerantzean; hain zuzen ere, 2013ko udal ordenantzak zehazten dituenak.  

Pandemia garaian terrazentzat eta beladoreentzat emandako aparteko baimenak bertan behera geratzear direla jakinarazi du Zarauzko Udalak. Hain zuzen ere, datorren asteazkenetik aurrera baliorik gabe geldituko dira baimen berezi horiek, eta atzera berriz pandemia aurretik indarrean ziren arauak bete beharko dituzte bide publikoan terrarazak eta beladoreak dituzten ostalaritza establezimenduek. 

Udalak 2020an onartu zituen orain arte indarrean egon diren aparteko baldintzak, COVID-19ari aurre egiteko murrizketen ondorioak arintze aldera. Ostalaritza establezimenduek lan egiten jarrai zezaten, bide publikoan terrazak eta beladoreak jartzeko aparteko baldintzak onartu zituen erakundeak. Iazko azaroaren 8an, alkate dekretu bidez, udalak adierazi zuen aparteko neurriei eutsi egingo ziela terrazei buruzko udal ordenantza berria onartu bitartean, eta ordenantza hori urtebeteko epean indarrean sartzen ez bazen, berrikusi egingo zituela irizpideak eta aparteko baimenak.

Ordutik urtebete pasatu denez, baina oraindik ordenantza berririk onartu ez dutenez, udalak erabaki du bertan behera lagako dituela pandemia garaitik indarrean zeuden aparteko baimenak. Ondorioz, azaroaren 9an, pandemia aurreko arauetara bueltatu beharko dute ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduek, eta ordenantza berria onartu bitartean, 2013ko Bide publikoa terraza eta mahaiekin okupatu eta erabiltzeko udal ordenantzan zehaztutako neurriak bete beharko dituzte.