"Suak berotu egiten gaitu, baita mina eragin ere"

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 10a, 10:30
Andoni Mutiloa, 'Sex Sua' musikalaren sortzailea. (Aritz Mutiozabal)

Ligatzeko aplikazioen erabileren inguruan hausnartzeko bide ematen duen Sex Sua musikala ondu du Andoni Mutiloak. Modelo aretoan ikusteko aukera izango da gaur arratsaldean, eta sarrera doan da.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Zarauzko Udal Parekidetasun sailak hainbat jarduera antolatu ditu. Horietako bat da Sex Sua ikuskizun musikatua, gaur Modelo aretoan dohainik ikusteko aukera izango dena, 20:00etatik aurrera. Andoni Mutiloa (Hernani, 1976) da obraren sortzailea eta antzezlea. Ligatzeko aplikazioen erabileraren ondorioz sortzen ari diren komunikazio kode berriei buruz hitz egiten eta hausnartzen du bertan, gertuko esperientzietan oinarrituta, umore ukitua emanez, baina batez ere kantatuz. Sexua gozatzeko baita, baina erre gabe.

Sex Sua hitz jokoaren atzean zer ezkutatzen da?
Ikuskizunaren lehen ideia etorri zitzaidanean izena ere berehala etorri zitzaidan. Gustatu zitzaidan sexuaren eta suaren arteko hitz jokoa; ez da batere originala, lehenik ere erabilia izan da, eta ezagutzen nuen hainbat kanturen bitartez. Baina sexualitateari buruz hitz egiten duen obra bat egin nahi nuen, eta lehen ideia duela hiru urte otu zitzaidan, baina buru-belarri iazko udazkenean jarri nintzen horretara. Gainera, hasieran gaiak nahiko zabala izan behar zuen: nola bizi dugu gure sexualitatea egunerokoan, gustura gaude ala ez, zer aldatuko genuke hobetzeko... Abiapuntua horrek izan behar zuen, baina gero zehaztu egin nuen gaia, eta ligatzeko aplikazioei heldu nahi izan nien. 

Eta zergatik aukeratu zenuen gai zehatz hori?
Aktualitate handiko gaia delako eta iruditzen zaidalako gizarte moduan ez dugula hausnarketa askorik egin. Gainera, urte gutxian ligatzeko aplikazioen erabilera asko ari da hedatzen, eta oso gai interesgarria iruditzen zait. Aplikazio horiek erabiltzerakoan harreman ezohikoak ere sortzen dira; adibidez, aurrez aurre egongo bagina, beste harreman kode batzuk izango genituzke segur aski, baina halako aplikazioetan, inertziagatik edo, bestelako kode batzuk sortzen ari dira. Askotan erabiltzaileok onartu egiten ditugu, baina uste dut ez dugula hausnarketarik egin eta askotan oso gauza surrealistak gertatzen dira. Izan ere, onik egiten ez dizkiguten gauzak ere onartzen ditugu. Azken finean, horri guztiari heldu nahi izan diot ikuskizuna martxan jartzerakoan. 

Sexua gozagarria eta, era berean, pizgarria da, baina erre ere egin dezake, suak bezala.
Horixe da. Sexua modu askotara bizi daiteke, eta niretzat inportantea da su hori izatea, pizten gaituen sugar hori sentitzea. Zer gertatzen da sugar horrekin? Kiskali egin gaitezkeela, eta askotan, ligatzeko aplikazioetan eta horien bitartez sortzen diren harremanetan erre egiten garela, nekatu egiten garela, gure autoestimuan eragin negatiboa sor dezaketela. Beraz, kontuz ibili behar dugu. Suak berotu egiten gaitu, baina min handia eragin diezaguke, eta hortxe dago errealitatea. Zentzu horretan, uste dut Sex Sua izenburuak oso ongi irudikatzen duela zabaldu nahi dugun mezua.

Urte askoan komunikazioaren alorrean egin duzu lan, irrati esatari gisa. Zer du ikuskizun honek dibulgaziotik eta zer entretenimendutik?
Nik ikuskizun honekin nahi dudana da jendeak pentsa dezala nola bizi duen bere sexualitatea. Ligatzeko aplikazioak erabiliz gero, hausnartu dezala onik egiten al dioten ala ez, edo gutxienez, arreta jar dezala aplikazioetan sartzerakoan. Abiapuntua hori da, baina jorratzen dugun gaia zabalagoa da, egia esan. Izan ere, egungo gizartean nola bizi dugu harremana gure itxurarekin, gure gorputzarekin? Uste dut oso muturrera iristen ari garela. Exijentzia maila oso handia da. Besteentzat desiragarri izateko behar hori oso barneratuta daukagu, eta horri buruz ere hitz egingo dugu. Beraz, ligatzeko aplikazioak erabiltzen ez dituztenei ere zer pentsatua emango die... eta, bide batez, jakin dezatela zein den errealitatea, jende askok ez ditu erabiltzen, baina beste askok bai! Eta hor zer sortzen den ezagutu dezatela. Beraz, dibulgaziotik asko du, baina gai honi modu askotara heldu diezaiokegu, eta nik ez nuen zerbait astuna eta serioa egin nahi, entretenigarria baizik. Hala, umoretik jo dut batez ere. 

Umoretik eginez, betiere, errazago al da?
Sex Sua ikuskizun nahiko xelebrea izan daiteke, eta nik uste dut hori izan daitekeela bere nortasunik handiena. Nahiko kuriosoak dira sortu ditugun pertsonaiak eta aurkezten dizkiguten gaiak edo egoerak. Umoretik jo nahi izan dut, premisa horretatik ere asko ikas dezakegulako. Gero, maila pertsonalean, ikuskizun hau sortzerakoan, neure buruari barre egiten aritu naiz: bizi izan ditudan egoerak edo eduki ditudan pentsamendu horiek bildu ditut, eta gai izan naiz horiei guztiei buelta eman eta neure buruaz barre egiteko. Hori gauza ederra izan da sortzeko garaian.

Hori guztia borobildu duzu musikal batean.
Hala da, bai. Udaberrian, obrarekin buru-belarri jarri nintzenean, bakarrizketa itxura zuen oraindik. Bakarrizketa, baina antzerkira gerturatuta, agian pertsonaia batzuekin. Gidoia idazten hasi nintzen, eta dantza eta musika oso gustuko ditudanez, diziplina horiek ere beren lekua egin zuten. Nire aurreko ikuskizunarekin ere beste hainbeste gertatu zitzaidan: hasieran antzezlana izan behar zuen, baina kabareta izaten bukatu zuen. Honekin ere antzerakoa gertatu zait, eta musikala izaten bukatu du.

Kanturako sena duzu, beraz?
Deigarria da, bai. Banituen nik ordurako abesti batzuen hitzak eta melodiak sortuak, eta horietako batzuek gai honi heltzen zioten bete-betean. Lotura zuzena zutela ikusita, musikala izaten bukatu du azkenean. Gainera, idatzitako abesti horiei forma emateaz gain, obra honetarako espresuki abesti berriak sortu eta grabatu ditugu.

Udaberrian estreinatu zenuen formatu txikian, eta orain, antzoki handietan taularatzen hasi zara. 
Maiatzean estreinatu nuen Donostiako Poltsikoko Antzerki Jaialdian, haien gonbita onartuta; Esnatu naiz kabareta ere bertan aurkeztu nuen, gainera. Lehen emanaldiak formatu txikian egin nituen, tabernetan, baina sortzerakoan jada areto handiagoak nituen buruan. Benetako bira orain hasiko da, udazkenean. Aurreko astean Tolosako Leidor antzokian izan ginen, eta orain nahikoa espazio eta argiztapen dut, jendeak ere txukun ikus dezan. Harrerari dagokionez, segurtasun faltarekin jarraitzen dut oraindik, publikoak nola erreakzionatuko ote duen arduratuta. Lehen saioetan  jendeari gustatu zitzaion, eta horrek aurrera jarraitzeko gogoa eta indarra eman dizkit.