Lurperatzearen Aldeko Plataformak jaurlaritzaren aurrekontuetan emendakina sartzeko eskaera egin die alderdiei

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 10a, 12:30

Plataformaren arabera, aurrekontu proposamenak ez du kontuan hartu "gure herrirako proiektu estrategikoa" den proiektua. Hori dela eta, herriko udal taldeekin biltzen ari dira, euren alderdien bitartez, zuzenketa sartzeko Legebiltzarrean.

Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataformak buru-belarri jarraitzen du lanean, eta jakitera eman du Udalbatza osatzen duten alderdi eta koalizio guztiekin biltzen ari dela jakiteko trenbidea lurperatzearen inguruko beraien borondatea eta konpromiso zein den hurrengo agintaldiari begira.
 
Horretan ari zirela jakin dute hil honetan Eusko Jaurlaritzan 2023rako aurrekontuak lantzen ari direla Eusko Legebiltzarrean, eta ez dutela aurreikusi diru partidarik "gure herrirako proiektu estrategikoa eta hirigintza garapenean garrantzitsuenetakoa" den lurperatzearen proiekturako.
 
Hori horrela, "oso epe motza daukagunez", udal talde guztietako ordezkari guztiekin biltzen ari dira, eta denei eskatzen ari dira, beraien alderdien bitartez, emendakina edo zuzenketa bat sartzeko Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenean, Zarautzen trenbidea lurperatzeko proiektuaren idazketa jasoko duen aurrekontu-partida bat txertatzeko.