Udaltzaingoaren egoitza berriaren proiekturako milioi bat euro jaso ditu udalak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 13a, 11:00
Udaltzaingoren egoitza berria hartuko duen Nafarroa kaleko eraikina. (Zarauzko Udala)

Europako funtsetatik jaso dute diru laguntza eta Gurutze Gorriak eta Babes Zibilak Nafarroa kalean erabili duten eraikina zaharberritzeko baliatuko dute.

1.042.758,46 euro jaso ditu Zarauzko Udalak Europako funtsetatik Udaltzaingoaren egoitza berria izango den eraikina egokitzeko: hainbat urtez Gurutze Gorriak eta Babes Zibilak Nafarroa kalean erabili dutena. Proiektuaren aurrekontua 2.951.592,78 eurokoa da eta, beraz, jasotako diru laguntzarekin herena ordaintzea aurreikusten da.

Gipuzkoa kaleko dorrearen azpialdean dagoen gaur egungo Udaltzaingoaren egoitzak 225 metro karratu erabilgarri ditu, baina herritarren beharrei erantzuteko "txiki" geratu zaiela dio udalak. Horregatik, aipaturiko eraikinera mugitzea erabaki dute, izan ere, 850 metro karratu inguru ditu. Hori gutxi balitz bezala, Xabier Txurruka alkateak azpimarratu du egoitza berriaren kokapena estrategikoa izango dela: "Nafarroa kalea mugimendu askoko hiribide bat da eta Udaltzaingoak ikusgaitasun eta eskuragarritasun handiagoa izango du bertan”.