Egitarau zabala prestatu dute Santa Zezilia egunaren harira

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 16a, 12:00
Txinpirin abesbatza. (Zarauzko Hitza)

Datorren asteartean izango da musikaren eguna, baina ostiral honetan hasiko dira ekitaldiak Zarautz Abesbatzako gaztetxoen kontzertuarekin.

Gerturatzen ari da Santa Zezilia eguna, azaroaren 22a. Datorren asteartean izango da, eta ohiturari jarraituz hainbat ekitaldi musikatu prestatu ditu Zarautz Abesbatzak. Azken finean, musikaren patroia da Santa Zezilia, ospakizun eguna herriko musikarientzat.

Lehengo ekitaldia etzirako antolatu dute, azaroaren 18a, ostirala. Zarautz Abesbatzaren taldeko gaztetxoek, Txinpirin abesbatzak eta Zarazte abesbatzak kontzertua eskainiko dute Zarauzko Merkatu plazako lehen solairuan 19:30ean hasita. Larunbatean, berriz, Zarautz Abesbatza eta ZarautzTRIK trikitilari talde elkartea kalez kale arituko dira 12:30etik aurrera.

Santa Zezilia egun bertarako ere antolatu dute ekitaldirik, noski, hemezortzigarren urtez, herriko kaleak alaituko dituzte herriko kantariek, txistulariek eta atabal joleek. 19:30ean abiatuko dira, eta, besteak beste, Pablo Sorozabal, Imanol Urbieta, Xabier Zabala eta Francisco Escuderok sortutako kantuak abestuko dituzte.

Musika eguneko ospakizunen testuinguruan, urtero bezala, musika eskolako ikasleek Musikalean ekimena egingo dute: musika eskolatik Musika Plazara arteko bidea egingo dute hiru kalejirek   bide desberdinetatik 17:15etan hasita. Musika plazan emanaldia eskainiko dute eta amaitutakoan txokolatada bertaratzen den ororentzat. Hilaren 24an izango da hori.