Kirol Sarien irabazleak zehazteko parte hartze prozesua abiatu du udalak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 16a, 16:00
2019ko Kirol Sariak. (Zarauzko Udala)

Abenduaren 10era arteko epea dute herritarrek proposamenak egiteko eta 19an jakinaraziko dituzte sarituak.

Zarauzko Udalak laguntza eskatu die herritarrei Kirol Sarien irabazleak izendatzeko. Bestela esanda, aurtengo emakumezko eta gizonezko kirolari onenak, emakumezkoen eta gizonezkoen kirol talde onenak, kirol babesletza eta entrenatzaile onena zein izan diren zehazteko proposamenak jaso nahi dituzte. Baita boluntarioen lana balioan jartzen duen Kirola Bizi sariaren irabazlea erabakitzeko ere.

Parte hartze prozesua zabaldu dute dagoeneko, eta ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek Aritzbatalde kiroldegiko harreran zein kirola@zarautz.eus helbidera mezua bidalita aurkeztu ditzakete. Udalak argi utzi du, hori bai, prozesu hau ez dela bozketa inondik ere.

Ekarpenak abenduaren 10era arte egin daitezke eta 19an zehaztuko dituzte irabazleak. Sari banaketa ekitaldia, berriz, 2023ko urtarrilaren 27an egingo dute bi urteko hutsunearen ondoren. Modelo aretoan izango da.