"Egindako lan onaren fruituak jasotzeko, pauso bat ematea falta zaigu"

Ainara Arratibel Gascon - Berria 2022ko aza. 25a, 12:30
Izei Permach jokalaria. (Alfredo Garcia)
Europako Txapelketarengatik izandako etenaren ostean, larunbatean itzuliko da Espainiako Ohorezko Maila. Zuazok Gijonen kontra jokatuko du. Izei Permachek dio lan «ona» egin dutela etenean eta «gogoz» daudela. Berria egunkarian egin diote elkarrizketa.

Bigarren denboraldia du Izei Permachek Zuazon (Zarautz, Gipuzkoa, 1999). «Gustura» dago. «Hasieran pixka bat galduta nengoen, baina oso eskertuta nago eman didaten konfiantzarekin».

Europako Txapelketa dela-eta izandako etena nola joan da?

Egia esan etena behar genuen, fisikoki taldea nahiko kargatua zegoelako. Bi asteko oporraldia izan genuen, eta azken bietan, berriz, gogor egon gara entrenatzen. Bi lagunarteko jokatu ditugu, Gijonen eta Bera Beraren kontra. Gijonen kontrakoan kostatu egin zitzaigun partidan sartzea. Goizez jokatu genuen neurketa, eta ez gaude horretara ohituta. Baina gero ondo aritu ginen. Bera Beraren kontra ere itxura ona eman genuen.

Halako etenak hobetzeko ere baliatzen dira. Zertan jarri duzue arreta?

Beti daude tekniko-taktikoki konpontzeko gauzak. Baina, hortik harago, arretan eta irmotasunean hobetu behar dugu, partidetako momentu jakin batzuetan sartuago egoteko. Hori landu dugu. Gainontzean, uste dut talde txukuna dugula, eta ondo ari garela lanean. Azken pauso txiki bat falta zaigu, partidak erabaki eta egiten ari garen lanaren fruituak jasotzeko. Izan ere, aurreko sasoian bezala, ikusleentzat eta jokatzen dugunontzat erakargarria den jokoa egiten ari gara.

Garaipen bat, bi berdinketa eta hiru porrot pilatu dituzue. Irmotasun eta arreta falta puntual horiengatik galdu dituzue partida horietako batzuk?

Bai. Askotan segundo gutxi batzuen kontua izaten da, gainera. Baina goi mailan ordaindu egiten da. Adibidez, berdindu ditugun bi norgehiagokak irabazteko modukoak ziren. Aurreko denboraldian antzekoa gertatu zitzaigun.

Taldea gaztea izateak badu eraginik horretan?

Alde batetik bai. Baina taldeak baditu eskarmentua duten jokalariak ere. Uste dut gehiago dela izaera kontua, eta alde horretatik agian falta zaiguna da irmotasun handia duen jokalari bat. Baina, aldi berean, denon lana da hori, eta talde gisa eman behar dugu aurrerapausoa alor horretan.