Salberdingo 92 etxebizitza tasatuetan izena emateko epea zabalduko dute aste honetan

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 28a, 10:30
Xabier Txurruka alkatea Salberdingo R14 lursailean eraiko dituzten etxebizitza tasatuen irudia erakusten. (Zarauzko Udala)

Pardo enpresa zegoen tokian eraikiko du etxebizitza multzoa Amenabar enpresak. Zarautz Lur bulego publikoa arduratuko da eskatzaileen zerrenda kudeatzeaz, eta etxebizitzak esleitzeko zozketa urtarrilean egitea aurreikusten dute.

Salberdingo R14 lursaileko Erregimen Bereziko 92 Udal Etxebizitza Tasatuen zozketaren deialdian izen emateko epea irekiko du aurki Zarauzko Udalak. Aipatu etxebizitza multzoa Araba kalean eraikiko dute, orain gutxira arte Pardo enpresa zegoen tokian, Aritzbatalde kiroldegiaren parean, eta Amenabar eraikuntza enpresa izango da sustatzailea; 2020ko otsailaren 27ko osoko bilkuran erabaki zuten, lehiaketa bidez, R14 lurzatiaren salerosketa-kontratua Amenabarri esleitzea.

Enpresa sustatzaileak dagoeneko aurkeztu du udalean 92 etxebizitza tasatuen proiektua, eta zozkatuko diren etxebizitzen programa: mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat lau etxebizitza gordeko dituzte, bina logelakoak (etxebizitza egokituak); bi logelako zazpi etxebizitza (etxebizitza egokitua ez direnak); eta hiru logelako 81 etxebizitza.

Etxebizitza guztien gehieneko salmenta-prezioa Udal Etxebizitza Tasatuen Ordenantzan araututa dago, baita Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko aginduak ere, babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezio eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona zehazteari buruzkoak.

 

Izen-ematea aste honetan

Zarautz Lur udal etxebizitza bulego publikoa arduratuko da orain eskatzaileen zerrenda sortzeaz. Esleipen-prozeduraren oinarriak astea honetan argitaratzea espero da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hortik aurrera, 30 egun naturaleko epea irekiko da Etxebiden izena emanda dauden pertsonak eta bizikidetza-unitateak zerrendan sartu ahal izateko.

Eskaera orria modu presentzialean aurkeztu ahal izango da Zarautz Lurren bulegoan (Salegi kalea 14) edo modu telematikoan, Zarauzko Udalaren webgunearen bitartez. Pertsona edo bizikidetza-unitateko eskaera bakarra onartuko da, eta eskaera-eredu ofizialean aurkeztuko da Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan. Eredu hori Zarautz Lurren bulegoan (Salegi kalea 14), Amenabarren bulegoetan (Donibane plaza 7) eta udal webgunean jarriko dute eskuragarri

Zerrendan izena emateko, eskatzaileek baldintza orokor batzuk bete beharko dituzte. Alde batetik, Etxebiden alta emanda egon beharko dute 2023ko urtarrilaren 10eko datarekin. Bestetik, Zarautzen erroldatuta egon beharko du bizikidetza-familiako kideren batek, gutxienez bost urtez jarraian edo  etenaldiekin gutxienez hamar urtez. Azkenik, aintzat hartuko dira 2021ko ekitaldiko diru-sarrera haztatuak, Erregimen Berezian Udal Etxebizitza Tasatuetarako Zarauzko Udal Etxebizitza Tasatuei buruzko Ordenantza Arauemaileek xedatutako gutxienekoaren eta gehienekoaren artean daudela egiaztatzeko.

Etxebizitza Tasatuetako onuradunen gehieneko diru-sarrera haztatuak ez dira erregimen orokorrean BOEak lortzeko indarreko gehieneko diru-sarreren 1,3tik gorakoak izango.

 

"Mugarri bat"

Xabier Txurruka alkatearen esanetan, zozketa hau "beste mugarri bat" da udalak 2015ean abian jarrita Etxebizitza Planean. “Lehenengo bizilagunak auzo berrira iritsi zirenean, plan estrategiko honen emaitzak ikusten hasi dira, baita Salberdinen ere”. Era berean, “historikotzat” jo du datozen hilabeteetan herriak etxebizitza-politikaren esparruan biziko duen unea.  Izan ere, gogora ekarri zuen Aldapetako eta Salberdineko sustapenen artean 140 BOE eta 78 etxebizitza tasatu esleitu direla, eta urtarrilean Salberdingo 92 etxebizitza tasatu berriak esleitzeko zozketa egingo dela.

Bestalde, alkateak iragarri duenez, datozen hilabeteetan beste bi izen-emate prozesu ireko dira: alde batetik, Amenabarren sustapeneko Iñurritzako babes ofizialeko 24 etxebizitza eta tasatutako 36 etxebizitza esleitzeko eta, bestetik, Promociones Salbidek Salberdingo R10, R11, R12 eta R13 partzeletan eraikiko dituzten 139 etxebizitza tasatuak esleitzeko.

Oro har, udalak abian jarritako Etxebizitza Planak babes maila desberdinetako 600 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten du, eta Txurrukak iritziz, “gure herrian dagoen etxebizitza premiari aurre egiteko talka-plan bat da".