Zarauzko 29 establezimenduk berritu dute Bai Euskarari Ziurtagiria

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 29a, 16:25
Bai Euskarari ziurtagiriaren sinatze ekitaldia. (Zarauzko Udala)

Bai Euskarari Ziurtagiria berritu dute establezimenduek gaur eguerdian udalbatzar aretoan Egindako lana aitortzeaz gain, norabide horretan pausoak emateko balio die ziurtagiriak.

Euskaraldian murgilduta eta Euskararen Eguna gertu dela kontuan izanda, Zarauzko Udalak herrian euskararen erabilera eta sustapena egiten duten enpresa eta erakundeen lana aitortu nahi izan du urtero bezala. Xabier Txurruka alkateak nabarmendu duenez, “zarauztarron hiru laurdenak gara euskaldun, baina euskara jakitea ez da nahikoa, ezinbestekoa da euskarak bizi-indarra izatea, eta horretarako erabili egin behar da”.

Bai Euskarari elkartearen eta Zarauzko Udalaren arteko elkarlana duela 17 urte hasi zen, eta urte hauetan guztietan herriko enpresa ugarik atera dute Bai Euskarari ziurtagiria.  Aurten herriko 29 enpresak lortu edo berritu dute ziurtagiria, eta gaurko goizeko aitortza ekitaldian 2023rako hitzarmena ere berritu dute bi erakundeek.

Egindako lana aitortu eta norabide horretan pausoak emateko balio du ziurtagiriak. Irizpide zehatz batzuk jarraitzen dira hori lortzeko: langile eta kideen hizkuntza gaitasuna, irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia eta enpresaren kanpo zein barne harremanetan erabilitako hizkuntza.

Entitateek duten euskara erabileraren arabera, hiru mailatan banatzen da ziurtagiria: euskararen bidean –euskararen normalizaziorako neurriak hartzen dituzten establezimenduak–, zerbitzua euskaraz –beren zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak– eta zerbitzua eta lana euskaraz –zerbitzuak euskaraz eskaintzeaz gain, euskara lan hizkuntzatzat duten entitateak–.

Hauek dira 2022. urtean Bai Euskarari ziurtagiria eskuratu duten Zarauzko establezimenduak:
 
1.    Andere Produktu Profesionalak
2.    Asti Pinturak
3.    Bioararteko Landa-Ingurumen zerbitzuak
4.    Blasenea Mintegi Ekologikoak     
5.    Borda Ardoak
6.    Chapucetti Diseinuak     
7.    Eguzki Taberna
8.    Ekia pentsioa
9.    Ekolio Olio Birziklapena
10.   Etxabe Confort     
11.    Euskadiko Halterofilia Elkargoa
12.    Gipuzkoako Ur Kontsortzioa - Zarautz
13.    Harrespil Hilerri eta Hileta Zerbitzuak S.L.
14.    Inmobiliaria Orio Txoko Txiki S.L.
15.    Iruretagoiena Harategia - Kukulu
16.    LAB – Langile Abertzaleen Batzordeak – Zarautz
17.    Laguntasuna S.Coop.
18.    Laia Janari Denda
19.    Lizardi lanerako arropa-denda
20.   Lurberry fruitu txikien landare mintegi ekologikoa
21.    Martiarena zapategia
22.    Mendizabal Kinkila Denda
23.    Orizar Burdindegia S.L
24.    Oteitza Lizeo Politeknikoa
25.    Solozabal Autoeskola – Zarautz
26.    Talai Berri Txakolindegia
27.    Tropela Informatika eta Euskara Elkartea
28.    Ulacia bidaiak S.L.            
29.    Zarauzko AEK euskaltegia