Nafarroa kaleko lehenengo ezkiak atzo kendu zituzten Frantziskotarren eliza parean. Horren aurrean, EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du gaur eta kritikatu du atzo bertan jaso zuela lanetarako aurreikusitako epeen plangintza, nahiz eta eskaera duela hiru bat aste egin zuen. Hala, udalaren egiteko modua salatu du, beste behin, koalizio abertzaleak eta Itziar Murua bozeramaleak leporatu dio honakoa legegintzaldi osoan agertutako "agintekeriaren eta entzuteko eta negoziatzeko talante ezaren" isla dela.
Zentzu horretan, EH Bilduk gogoratu du egoera bideratzeko moratoria eskatu eta mahai teknikoa osatzea proposatu zituela, herritarren eskaria entzun eta irtenbide pragmatikoa bilatzeko, baina udalak eta alkateak ez zituela aintzat hartu, ez eta "beste proposamenak aztertzeko inolako keinurik egin". Gauzak horrela, Muruak aurpegiratu die ez direla erakusten ari "zarauztarrekin eta zarauztarrentzat gobernatzen dakitenik".
EH Bilduko udal taldeak argitu du, halaber, ezkiak kentzeko lanak geldiarazteko eta bestelako bideak bilatzeko ahaleginari eutsiko diotela hurrengo faseei begira; izan ere, hasi berri dituztenak lehenengo fasekoak dira, esan bezala. Momentuz onartuta dagoen bakarra.