Establezimenduek izena eman dezakete Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 1a, 11:00
Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa abian izango da aurki. (Hitza)

Abenduaren 12a baino lehen egin beharko dute inskripzioa Turismo Bulegoan, eta, ondoren, egun horretatik hasi eta urtarrilaren 6a bitartean egongo dira apainduta erakusleihoak. Bi sari banatuko dituzte.

Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatuko dute beste urte batez Zarauzko Udalak eta Murkil dendarien elkarteak. Aurtengoa, herrian Gabonak giroa sustatzeko antolatzen duten hamaikagarren ekitaldia izango da, eta, ohi bezala, bi sari banatuko dituzte parte hartzen duten herriko establezimendu komertzialen artean.

Lehenengo sariaren irabazleak 600 euro eta oroigarria bereganatuko ditu, eta Murkil saria jasotzen duenak, berriz, 300 euro. Epaimahaiak  ondorengo irizpideak jarraituko ditu erakusleihoak baloratzerakoan: erakustokiaren aurkezpena, salgai dituen artikuluak nola txertatu dituen erakusketara eta apainketaren originaltasuna, hain zuzen ere.

Lehiaketan parte hartu nahi duten dendek Turismo Bulegoan eman beharko dute izena, abenduaren 12a baina lehen, 943-83 09 90 telefono zenbakira deituta. Erakusleiho apainduak abenduaren 12tik urtarrilaren 6a bitartean egon beharko dute erakusgai eta epaimahaiak abenduaren 20an emango du jakitera aurtengo sarituen izenak. Berdinketaren bat gertatuz gero, saria irabazleen artean banatuko da.