Zarauzko lau ordezkari ariko dira lehian igande eguerdian Aiako herri kirol jaialdian

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 2a, 10:30
Ainitze Zumeta, Bi Harri Txapelketan. (Aritz Mutiozabal)

Binakako Harrijasotze Txapelketan Iñigo Eizagirre Eiza-k eta Gorka Etxeberriak Beñat Telleriaren eta Imanol Royo Lartain-en kontra neurtuko dituzte indarrak, eta Ainitze Zumetak, Udane Ostolazak, Nerea Arrutik eta Lierni Osak Emakumeen Herri Kirol Txapelketa jokatuko dute lau kiroletan.   

Herri kirol jaialdi mamitsua antolatu dute igande eguerdirako Aian. 12:00etan hasita, gizonak zein emakumeak aizkoran, harri jasotzen eta herri kiroletako beste hainbat modalitatetan ikusteko aukera izango da probalekuan.

Alde batetik, 2022ko Urrezko Aizkolarien Kopako final aurrekoa lehiatuko dute, eta horretan, Hodei Ezpeleta, Mikel Larrañaga eta Ibai Soroa ariko dira buruz buru. Zortzi kanaerdiko enbor azkarren ebakitzen dituen aizkolaria finalerako sailkatuko da.

Bestetik, Binakako Harrijasotze Txapelketan, Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak eta Gorka Etxeberria oriotarrak osatutako bikotea Beñat Telleria lasartearraren eta Imanol Royo Lartain zarauztarraren aurka ariko dira nor baino nor. Lau eratako harriak altxatu beharko dituzte: 175 kiloko laukizuzena, 100 kiloko zilindro zaharra, 125 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola.

Azkenik, Emakumeen Herri Kirol Txapelketan, herri kiroletako lau modalitatetan —txingetan, harri jasotzen, aizkoran eta ingudea altxatzen— ariko dira Txindoki taldea osatzen duten lau kirolariak: Ainitze Zumeta zarauztarra, Udane Ostolaza oriotarra, Nerea Arruti urnietarra eta Lierni Osa zarauztarra.