Horacio Chacin gozogileak piztuko ditu aurten Gabonetako argiak

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 2a, 15:00

Ekitaldia bihar egingo dute, 18:00etan hasita, Musika Plazan. Schola Cantorum abesbatzak kantatuko du eta Hotz Zarautz elkarteak txokolate solidarioa eskainiko du.

Gabonetako argiak pizteko ekitaldia egingo dute bihar arratsaldean Musika Plazan, Zarauzko Udalak eta Murkil Dendarien Elkarteak antolatuta. Ohiturari jarraiki, urtero herriko pertsona edo elkarte bat gonbidatzen dute argiak pizteko, eta aurten Horacio Chacin gozogilea aukeratu dute zeregin horretarako.

Venezuelan jaioa da, baina 22 urte baino gehiago daramatza Zarautzen bizitzen. Aizpurua gozotegiko familiaren parte da, eta Zarauzko izena lau haizetara ezagutarazteko egin duen lana aitortu nahi diote antolatzaileek gonbita honen bitartez.

Ekitaldia 18:00etan hasiko da, eta Schola Cantorum abesbatzak girotuko du Gabonetako hainbat abestirekin. Horrez gain, Hotz Zarautz elkarteak txokolate solidarioa eskainiko die bertaratzen direnei.

Krisi energetikoa dela eta, kontsumo elektrikoa murrizteko asmoz, argiteria ekitaldia astebetez atzeratu dute aurten. Era berean, egunero ordu erdiz laburtuko dute argien iraupena: urtarrilaren 6ra arte egongo dira jarrita, egunero, 18:00etatik 22:00etara. Aurtengo argiztapenaz Iluminaciones Ximenez enpresa arduratu da.