Udalbatzak onartutako terrazen ordenantza kritikatu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 8a, 17:06
Zarauzko malekoia.

"Alkatearen eta EH Bilduren arteko akordioak aurreko ordenantzaren terrazak ixteko ordutegi berak jasotzen ditu eta, gainera, 2023ko neurketa akustikoak maiatza baino lehen egitea planteatzen da, udan zarata kontrolak egitea saihestuz", nabarmendu du PSE-EEko bozeramaileak azaroko udalbatzarrean hartutako erabakiaz.

Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotziak gogor kritikatu du Zarauzko Udalbatzak azaroko udalbatzarrean espazio publikoa arautzen duen ordenantza berritzearen inguruan hartutako erabakia. PSE-EEk eta EAJk osatzen dute Udal Gobernua, baina gai honetan ez dira ados jarri. Hala, EH Bilduren abstentzioari esker onartu zen ordenantza EAJren aldeko hamar botoekin. PSE-EE eta Elkarrekin-EquoBerdeak soilik izan ziren aurka bozkatu zutenak.

EH Bilduk bere abstentzioaren truke EAJrekin adostu zuen behin ordenantza onartuta berau moldatzeko bidea zabaltzea, izan ere, dokumentuan Patxiku kaleri eta Barren plazari aitortzen zaien izaera berezia herri osora zabaldu asmo dute. Aipaturiko salbuespenarekin Patxiku kaleko eta Barren plazako ostalaritza establezimenduek herriko beste eremu batzuetakoak baino ordutegi murriztuagoak bete behar dituzte, baina, esan bezala, ordenantza moldatuta gainontzekoek ere ordutegi laburragoak izango dituzte. Otsailerako edo martxorako espero dute ordenantza behin betiko onartzea.

Testuinguru honetan, Vazquezek prentsa ohar bidez azaldu du datorren urtean hasiko dela bera buru den saila Zarata Mapa berritzen, "bost urtean behin egin behar baita, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak agintzen duen bezala". Onartu du, ordea, mapa horren helburuak "kontraesanean" egon daitezkeela espazio publikoa arautzen duen ordenantza eguneratzeko proposamenarekin. Vazquezek azaldu du ezezkoa eman zutela "terrazen ordutegiak gehiegizkoak direlako herritarren atsedena bermatzeko eta, horrekin batera, haien bizi kalitatea bermatzeko".

"Ingurumen saileko arduraduna naizen aldetik, nire ardura da ingurumen neurrien aplikazioa planifikatzea, sustatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea, eta horietako bat da ingurumen zarata murriztea, Zarauzko ingurumen arazo nagusietako bat baita. Ingurumenetik bermatu behar dugu onartzen den araudiak berme juridiko guztiak dituela eta auzitegiek ezingo dutela atzera bota, udalerri batzuetan gertatu den bezala", azpimarratu du zinegotziak.

Vazquezen arabera, "alkatearen eta EH Bilduren arteko akordioak aurreko ordenantzaren terrazak ixteko ordutegi berak jasotzen ditu eta, gainera, 2023ko neurketa akustikoak maiatza baino lehen egitea planteatzen da, udan zarata kontrolak egitea saihestuz". Vazquezek esan du, ordea, "udan beroak eta eguraldi onak kalera ateratzera eta berandu arte egotera" animatzen duela jendea. "Opor garaia da, eta taberna eta jatetxeetako terrazak gaueko topaguneetako bat dira". Ingurumen zinegotziak azaldu du Zarauzko zarataren lehen mapak jada ohartarazi zuela udako hilabeteetan izaten direla zarata maila altuenak, eta "urteko garairik txarrena" dela gaueko aisialdiko kutsadura akustikoari dagokionez.  

Lehen urratsak zarata mapa berritzeko

Zarauzko lehen zarata mapa 2018an egin zuen udalak, "lehendik zeuden eta etorkizunean garatuko diren eremu urbanizatuetan zarata foku esanguratsu guztien inpaktua ebaluatu ondoren". Zehazki, errepideei zegozkien zarata fokuak aztertu ziren, besteak beste autobidea, trena eta industria sektorea, "indarrean dagoen legediak eskatzen duen bezala". Vazquezek berak eskatuta, eguneko eta gaueko aisialdiak eragindako zarata ere aztertu zela esan du zinegotziak. "Izan ere, azterlanaren ondorioetako bat zen, trafikotik zetorren zaratarekin batera, aisialdia ere bazela Zarautzen ostalaritza jarduerak eragindako kutsadura akustikoaren foku jarraitua".

Zehazki, Barren Plaza eta Patxiku kalea aipatu ditu Ingurumen zinegotziak, baita Malekoiaren inguruko tabernetako kaleak ere. "Horietan, nabarmen gainditzen dira kalitate akustikoaren helburuak, eta, bereziki, udan. Horregatik, sailetik, egoera horrekin kezkatuta, Hobe zaratarik gabe izeneko kanpaina jarri genuen abian, kutsadura akustikoaren arazoaz eta zarauztarren loa eta atsedena errespetatzeko beharraz herritarrak sentsibilizatzeko".

Zarataren hurrengo mapan, "aztergai den eremua udalerri osora zabalduko da, urtean zehar hainbat garaitan, egungo errealitateari buruzko ideia zehatzagoa izateko. Urte hauetan, aldaketak izan dira udalerrian, bereziki aisialdiko jardueren arloan, eta horiek kontuan hartu behar dira", esan du PSE-EEko bozeramaileak.

Bere ustez, zarataren mapa "balio handiko tresna" da; "izan ere, Ingurumen Sailari aukera ematen dio nahi dugun Zarautz definitzeko ekintzak sartu ahal izateko. Helburua da errespetuzko bizikidetza eraikitzea, oreka bat bilatuz auzokideen atsedenerako eskubidearen eta ostalaritza eta aisialdi jardueraren artean. Gure herrian edonork eduki behar du atsedenarako aukera bere etxe barruan", iritzi dio.