Plaieroak 2022-2023

Plaieroen elastiko lehiaketa antolatu dute

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 13a, 11:30
Dean Team eta Arrano Taberna. (Aitziber Arzallus)

Hondartzatik kanpo ikusgarritasuna ematea eta erreferentzia bihurtzea du xede antolakuntzak ekimen honekin. Lanak aurkezteko epea abenduaren 31n bukatuko da.

Plaieroetako antolakuntza bi azpitaldetan banatuta dago. Kirol txapelketaren dinamikaz eta funtzionamenduaz arduratzen da bata, hau da, partiden egutegiaz, jardunaldiaz eta horrek barnebiltzen dituen xehetasun guztiez. Bestea, berriz, etorkizunari begira lanean aritzen da. "75 urtez iraun duen txapelketa izanik, goazen oinarriak jartzera beste 75 urte gehiago iraun dezan behintzat", azpimarratu du Haimar Arozenak, bigarren azpitalde horretan buru-belarri dabilen antolakuntzako kideak.

Horren barruan, hainbat ekimen eraman dituzte aurrera: logo lehiaketa egin zuten duela urte gutxi, Gazteen Hondartzako Futbol Txapelketa antolatu dute, jardunaldi ondorengo pintxo-potea sustatu dute eta plaieroetako aldizkaria argitaratu. "Hondartzatik kanpoko ekimen horiek guztiak, osagarri direnak nolabait, talde horretatik datoz. Bigarren ardura horretatik, alegia", aditzera eman du. Orain, txapelketarako logo propioa edukitzeko bide beretik, elastiko lehiaketa antolatu dute.

"Plaieroen irudia hondartzatik atera eta herri osoan zabaltzeko asmoz edo beste esparru batzuetara iristeko saiakera da. Erreferentzia bat sortzea, nolabait esateko". Halaxe zehaztu du antolakuntzako kideak, eta adibide gisa jarri du SKAPA Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jai batzordeak urtero auzoko festetan kaleratzen dituen elastikoek izaten duten hedapenarekin. "Ikusiko dugu zer ateratzen den, baina ikusgarritasuna ematea da helburua, eta ez mugatzea plaieroak bi astean behin jokatzen diren partidetara. Gure irudia egunero buelta egotea gustatuko litzaiguke". Gisa horretan, herritarren arreta bereganatzen lagunduko lukeela uste du antolakuntzak, eta horrela, parte hartzean eragin, izen-emateak areagotuz.

Bozketa irekia

Edonork hartu dezake parte lehiaketan, eta egileek nahi beste lan aurkezteko aukera izango du, betiere Zarauzko Plaieroak testuarekin (larriz ala xehez). Datarik ez da jarri behar, elastikoaren erabilera ez baita aurtengo denboraldira mugatuko. Inprimatzeari begirako arrazoi teknikoak direla eta, lanak kolore bakarrean aurkeztu beharko dira, itzal eta erlieberik gabe gainera. Lanak euskarri digitalean aurkeztu behar dira, abenduaren 31 bitartean, antolakuntza@playeruak.eus posta elektronikora bidalita. Irabazleak 150 euroko saria jasoko du.

Lehen aukeraketa bozketa ireki bidez egingo dute. Arozenak azaldu duenez, online loturak zabalduko dituzte sareetan, eta nahi duen herritar orok eman ahalko du bere botoa gustuko duen diseinuari. Bozketa horien emaitzaren arabera, lau proposamen baloratuenak bigarren bozketa batera pasatuko lirateke, antolakuntzako kideen artean
egingo dena. Bozketa irekiak urtarrilaren 1etik 8ra izango da, eta antolakuntzak urtarrilak 15erako aukeratuko du lan irabazlea.

"Printzipioz, logoa bezalaxe, elastikoa iraunkorra izatea nahi dugu. Hemendik urte batzuetara zer gertatuko den ez dakigu, baina epe ertain batera behintzat gure irudi izateko pentsatu dugu", azaldu du antolakuntzako kideak. Oraindik ez dute zehaztu noiz hasiko diren kaleratzen elastikoak, baina aurreikuspenen arabera, udaberrien atarirako prest egotea espero dute. Bien bitartean, herriko artistak eta artista sena dutenak animatu nahi dituzte lehiaketan parte hartzera.