Kantujira Txikia egingo dute larunbatean Musika Eskolakoek

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 14a, 09:45
Musika eskolako ikasleak eta irakasleak kantuan aterako dira. (Aritz Mutiozabal)

Abenduaren 21ean, berriz, Gabonetako kontzertua eskainiko dute Santa Klarako elizan.

Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasle eta irakasleek bi ekitaldi antolatu dituzte hurrengo egunetarako. Bata, aire zabalean egingo duten kantujira izango da, eta bestea, berriz, Santa Klara komentuko elizan eskainiko duten kontzertua. 

Kalez kale egingo duten ekimenari Kantujira Txikia izena jarri diote eta larunbat honetarako jarri dute hitzordua. Musika Eskolako tailerreko 4 eta 7 urte bitarteko ikasleek eta triki nahiz panderoko ikasleek kantuz girotuko dituzte herriko kaleak, 12:00etatik aurrera.  Ibilbidea hiriko oinezkoen kaleetatik egingo dute, besteak beste, Geltoki parkea, Udaberri eta Lege Zaharren enparantzatik igaroko dira

Bestalde, Gabonak jada gertu direla eta, ikasleek eta irakasleek hiruhileko osoan ilusio handiz prestatu duten errepertorioa entzuteko parada izango da.  Abenduaren 21ean, asteazkena, haizezko  musika tresnek eta solfeoko ikasleek kontzertua eskainiko dute Santa Klarako elizan, 18:30ean hasita.