"Jakin egin behar da sinpletasun hori bilatzen"

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 15a, 09:30
Jexuxmai Lopetegi musikaria bere etxeko atarian. (Aritz Mutiozabal)

Lagun talde anitza izan du alboan Jexuxmai Lopetegi musikari beteranoak ‘Ez da horren sinplea’ disko berria ontzeko garaian. Oraintsu argitaratu du, baina aurkezpen kontzerturik ez du eskainiko bolada luze batez.

Ez da horren sinplea jarri diozu diskoari izena. Zerk egiten du bada horren konplexua?
Diskoko Sinplea lehen kantan dagoen esaldi bat da. Harkaitz Canok itzulitako Raymond Carverren poema batean du oinarria eta, azken finean, dena da horren sinplea ez dena: disko bat egitea, lurralde honetan bizitzea... gauza askori aplikatu dakioke esaldi hori. Beraz, izenburu potoloa eta borobila iruditu zitzaidan. Sustapenerako aukeratutako Sinplea abestiak eta bideoklipak ere esaldi hori zabalduko du, eta nolabait esateko, guztiok egin genuen bat horrekin. Gainera, eremu askotan aplikatu daiteke. Adibidez, 21 musikarik hartu dute parte disko honetan, talde ezberdinetan aritzen den jendea, eta halako harrikada bat aurrera eramateak badu bere lana.

Modu ezkorrean al zatoz lan berri honetan?
Ez, ez. Oso gustura nago egin dugun lanarekin, eta, egia esan, Unai Moraza soinu teknikariarekin elkarlanean aritzeak poza eman dit, beti ateratzen diolako gure kantuei halako txispa bat. Ez nago ezkor... Kontua da urte lasaiago bat pasatu nahi dudala. Adibidez, gutxienez hurrengoko sei hilabeteetan ez dut zuzeneko emanaldirik eskainiko.

Paradoxikoa dirudi. Disko berria atera eta zuzenekoetan ez defendatzea, ezta?
Mundu guztiak gauza bera esaten dit, baina hala egingo dut! Horrenbeste urtez gelditu gabe aritu naiz, eta oraintxe emaztea eta biok jubilatu berriak gara eta bidaiatu egin nahi dugu. Zuzenekoek lotura handia eskatzen dute, dela entseguetarako, dela musikariak biltzeko. Guk nola ez dugun sos askorik sortzen, bada diskoan parte hartu duten kideak beste hamaika istoriotan aritzen dira. Hori dena koordinatzea ere ez da batere erraza.

Beraz, gozokia entzuleen aho barruan utziko duzu.
Hori da! Diskoa jendearen esku utziko dut, hartara mamitzen joan dadin, eta gerora, ikusiko dugu. 

Zure abestiek badute jazzerako kadentzia eta, nola ez, rock lasai eta heldu baten kutsua. Agian, jendeak ere behar du barneratzeko bere denbora?
Agian, bai. Bestalde, inoiz ez naiz estilo jakin batera lotu, eta beti gustatu zait gauza ezberdinak egitea. Horrela agertzen dira jazza edo kantu akustikoagoak. Hondarreko eguna abestia, esaterako, akustikoa da, eta Keu Agirretxearekin batera jo dut. Egun ilunagoak baletoz kantan, berriz, ni eta gitarra baino ez gaude. Bestalde, Oñatiko Zaldi Herrenak taldea jotzen ikusi nuen, eta elkarrekin abesti bat egitea proposatu nien. Beraz , badaude halako gauza xelebreak, arestian egin ez ditudanak.

Jexuxmai Lopetegi-Harkaitz Cano binomioak ongi funtzionatu du oraingo honetan ere.
2016an Itzal Zaunka disko liburua kaleratu genuen Harkaitz Canok, Antton Olariagak eta hirurok. Proiektu hartako musika nik sortu nuen, eta Canok hitzak idatzi zituen. Hartu-eman zuzena izan genuen sasoi hartan, hiru hilabetez batak besteari posta elektronikoak igorriz, abestiak egokitzeko. Ondoren, urtebetez aritu ginen kontzertuak eskaintzen, eta tarte horretan eta baita ondoren ere ez genuen eten gure arteko harremana. Beraz, disko honek bietatik du: batetik, nik bidalitako melodiei Canok jarri dizkien hitzak, eta bestetik, Canoren testuak nik hartu eta musikatuta abesti bihurtu ditudanak. Hamabi abestietatik bederatzi dira Canoren testuetan oinarritutakoak.

Azeituna bat eta lau baxoerdi abestia Anjel Lertxundiren poema batean oinarrituta dago. Bitxia benetan, olerkigintzan apenas duelako deus argitaratuta.
Egia da, ze Anjelek ez du poesiarik idazten! Bitxikeria hau Deabruaren Eskola web orrian topatu genuen, eta gainera, nahikoa surrealista da. Anjelek eta lagunok elkarrekin txikiteatzen dugu asteazkenero, eta hark esan ohi du jendeak uste duela oso serioa dela, oso metodikoa. Orduan, nik esan nion poema diskoan sartuko nuela. Hala, esaldiak ezkontzen hasi ginen, estribrilloa zein izango zen erabakitzen; eta benetan, oso gustura aritu gara lan horretan.

Diskoa ixten duten Pauso luzera kanta ere aipatu behar da, zure anaiari eskainitakoa.
Data horietan abestia bukatzen ari ginen, eta anaia Juanitok gaixotasunaren berri eman zigun. Pentsatu nuen aitzakia ederra zela berari eskaintzea.

Lan honetarako betiko lagunak izan dituzu alboan. Baina, horiez gain, Zarauzko bederatzi musikarik ere parte hartu dute. Hori da hori kuadrilla makala!
Zarauzko Musika Eskolan aritu naiz bederatzi urtez irakasle, eta bertako lagunak gonbidatu ditut. Musika Bandako zuzendaria eta musika eskolako irakasle Iosu Isastik zenbat urte daramatza hor? Omenaldi bat egin beharko liokete! Haren anaia Iñigo tronboian eta seme Beñat tronpetan, hirurekin abesti bat egiteko gogoa nuen. Bestalde, Ander Zulaika bateria jotzailea aurten sartu da irakasle. Gero, betiko lagunak ere gonbidatu ditut: Antxon Sarasua, Unai Lopetegi iloba, Maria Armendariz...

Ez dirudi horren sinplea, baina aise atera zaizula ematen du.
Kanta berak bukaeran zera esaten du: «Ez da horren sinplea, eta bada». Orduan, sinplea ez da, baina beharbada jakin egin behar da sinpletasun hori bilatzen. Musikari asko izan ditu lagun proiektu berri honek, eta lan nekeza da. Hurrengoan gutxiago izango gara! 

 

Konplizeak, lagunak eta abestiak

Jexuxmai Lopetegi abeslari eta gitarrista beteranoak bizi-bizi jarraitzen du, eta proposamen dotorea du esku artean: Ez da horren sinplea. Berak hala badio, horrela izango da, baina azken urteetan alboan izan dituenak konplize izan ditu oraingoan ere, eta badirudi dena aise egiten duela. Harkaitz Canoren testuek hartzen dute abestien gehiengoa, Antton Olariagaren ilustrazioak azala, Noizbehinka taldean aritutako hainbat kide zein Zarauzko zenbait musikarik grabazioak eta ohiko soinu teknikari Unai Moraza.

*Zart zigiluaren babesean eman du argitara diskoa berria, eta bertan dozena bat abesti jaso ditu: Sinplea, Beluna jazz, Lesbos, Heisenberg, Fotomatoian, Pertsonarena, Hartutako zidorra, Azeituna bat eta lau baxoerdi, Idazle hilen ostatua, Hondarreko eguna, Egun ilunagoak baletoz eta Pauso luzera, hurrenez hurren.

Aurreko astean Durangoko Azokan izan bazen ere, oraindik ez du lan berriaren aurkezpen ofizialik egin. Bideoklip bat ontzen ari dira, eta horrekin batera egitea aurreikusten du Lopetegik.