Garate-Santa Barbaran basoa lehengoratzeko beste lurzati bat erosi du udalak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 17a, 09:00
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia udalak bereganatu berri duen Gesoerrekako basoaren ondoko lursailan. (Zarauzko Udala)

Gesoerrekako basoaren ondoan dagoen belardia da Ingurumen departamentuak bereganatu duena eta artelatza landatuko dute bertan.

Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak Santa Barabarako gune babestuko basoa lehengoratzeko beste urrats bat eman du Gesoerrekako basoaren ondoan dagoen lursaila erosita. 8.863 metro koadroko belardia da oraingo honetan bereganatu duena eta 15.867,83 euro ordaindu ditu. Hala, lau lurzati erosi ditu jada aipaturiko eremu babestuan: 98.884 metro koadroko azalera orotara 186.425 euroren truke. Udalaren asmoa da 1.500 zuhaitz eta zuhaixka landatzea bertan artelatz-basoa birsortzeko.

Azken erosketari lotuta, Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak adierazi du belardi horretan landaredirik ez dagoenez, pinuak eta espezie inbaditzaileak kentzeko lanik ez dutela egin beharrik izango. Ondorioz, zuhaitzen landaketak egitea izango dela egin beharreko inbertsio bakarra, eremuaren erosketarekin batera, noski.

Zentzu horretan, zinegotziak goratu du 2016ean erositako Zingira basoan lan garrantzitsuak egin behar izan zituztela pinu ugari kentzeko, besteak beste: "Emaitza 1.000 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatzea izan zen, baita putzu bat berreskuratzea ere. Horri Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia sailaren eskutik sortu berri den beste bat gehitu behar diogu". Horrez gain, 2017an eta 2019an elkarren ondoan dauden Gesoerrekako 2 lursail bereganatu zituen udalak eta pinuak eta espezie inbaditzaileak kentzeko, 500 zuhaitz eta zuhaixka landatzeko eta basoa abereen ekintzatik babesteko lanak egiten ari dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren dirulaguntzarekin.

Hlaber, pazientzia ere eskatu du Vazquezek: “Artelatzak astiro hazten direnez, urte batzuk beharko ditugu lehen pinuak edo larreak zeuden artelatz baso eder bat ikusteko, baina jarduera hori guztiz ezinbestekoa da biodibertsitatea babesteko eta, horrekin batera, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko, zuhaitz autoktonoak handitzen baitira”.