Zarautz Abesbatzaren Gabonetako Kontzertu Solidarioak 921 euro bildu ditu

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 18a, 14:30

Dirua jaso duen Hotz Zarautz GKEa gustura azaldu da jasotako erantzunarekin; izan ere, Frantziskotarren eliza bete egin da ia eta eskuzabaltasun handiz jokatu dute bertaratuek.

Arrakasta izan du Zarautz Abesbatzak bart eskaini duen Gabonetako kontzertu solidarioak. Hotz Zarautz Gobernuz Kanpoko Erakudeari bideratu dizkioten 921 euro bildu dituzte eta errefuxiatuei laguntzeko erabiliko dituzte. Zentzu horretan, komeni da zehaztea kontzertua doakoa izan zela eta borondatea baino ez zitzaiela eskatu bertaratuei. Gauzak horrela, oso eskertuta azaldu da Agate Burgaña GKEko lehendakaria: "Eskerrak eman nahi dizkiegu bai abesbatzari eta bai atzo gerturatu ziren herritar guztiei".

Emanaldian Zarautz Abesbatzako hiru taldeek hartu dute parte eta bakarka zein talde guztiak elkartuta abestu dute. Haiekin batera, Zarauzko Musika Bandako bost musikari ere aritu dira. Horrez gain, errefuxiatuen irudiak jarri ditu Hotz Zarautzek kontzertuak iraun duen bitartean.