Zarautzek hartu du migratzaileei aitortza egiteko udalerrien lehenengo topaketa

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 18a, 17:30
Migratzailearen Naziorteko Eguneko ekitaldian saritutakoak alboetan eta Beatriz Artolazabal sailburua eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea erdian lekukoa hartu duten Bilboko Udaleko ordezkariekin. (Jabi Gonzalez Toston)

Atzerritik etorri diren eta bost kolektibo ordezkatzen dituzten Zarauzko bizilagunak saritu dituzte Modelo aretoan, dozenaka lagunen aurrean. Ekitaldian parte hartu duten Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuak zein Xabier Txurruka alkateak eskerrak eman nahi izan dizkiete bizitokia Euskal Herrian finkatzea erabaki duten etorkin guztiei; izan ere, horixe da Migraziorako Euskal Itun Sozialaren leloa: "Eskerrik asko etortzeagatik".

Migratzailearen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, abenduaren 18a, eta atzerritik Euskal Herrira etorri direnei aitortza egiteko baliatu nahi izan dute data seinalatua. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Zarauzko Udalak elkarlanean antolatuta Migrazioaren aldeko Euskal Foro Sozialera atxiki diren udalerrien lehenengo topaketa egin dute Modelo aretoan. Agintarien hitzaldiak, sari banaketa eta musika eta dantza emanaldiak uztartu dituen ekitaldia izan da, Xabier Euzkitze kazetariak eta Nerea Gorriti aktoreak aurkeztuta.

Ekitaldia itxi duen Beatriz Artolazabal Berdintasun Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren atzerritar guztiei zuzendu zaie, 186.000 Eustaten azken azterlanaren arabera: "Edozein dela ere zuen herrialdea uzteko arrazoia, bihotzez espero dut Euskadin zuen etxe berria aurkitu izana", adierazi du. 

Halaber, Euskal izaera konprometitua eta inklusiboa azpimarratu ditu, eta udalek ildo horretan egiten duten lana goraipatu du: "Gure udalek dedikazioa, konpromisoa, elkartasuna eta irudimena erakutsi dute herritar berriei bidea egiteko, eta tokiko jardunbide egokiei ere egin nahi diegu aitortza gaur". Zentzu horretan, Artolazabalek gogoratu du elkarbizitza anitzagoa bultzatzeko proiektuak indartuko dituztela datorren urteko aurrekontuetan: "Urte asko daramatzagu udaleko talde teknikoen egitura, prestakuntza eta proiektuak babesten. Aurten ia 500.000 euro jarri ditugu 33 proiektuetarako eta datorren urtean programa horiek indartuko ditugu diru partida 850.000 euroetara igota. %60ko igoera".

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, bere aldetik, Modelora gerturatu diren Zarauzko bizilagun atzerritarren jatorriak zerrendatu eta eskerrak eman dizkie Zarautz aukeratu izanagatik. Hari horri tiraka, Txurrukak adierazi du ez duela inporta nondik datozen, guztiak direla zarauztarrak, bizilagunak, eta, hain justu, aniztasun horrek osatzen duela herriko "puzzlea", herri anitza baita Zarautz.

Era berean, Txurrukak zehaztu du gaur saritu dituzten migratzaileak kolektibo anitzetako ordezkari gisa hautatu dituztela, sinbolikoki: "Talde oso bat ordezkatzen dutelako hautatu ditugu eta talde osoa da haien bitartez omendu nahi duguna".

Bost sari

Hain justu, alkatea bera izan da lehen sari banatu duena: Yeni Rodriguezek jaso du Zarauztik Mundura taldearen izenean eta integrazioa sustatzeko eta kultura-aniztasunaren alde lan egiten duten elkarteei egin nahi izan diete aitortza sari horren bidez. Saria eskutan paraguaitar jatorriko Rodriguezek herritar orok integratzeko duen gaitasuna nabarmendu du: "Migratzaileak amets bati jarraitzeko uzten ditu atzean aberria, familia eta ohiturak zer aurkituko duen jakin gabe. Zarauztik Mundura sortu genuenean aldebiko integrazioarekin amesten genuen eta gaur egun egi bihurtu dela esan dezakegu".

Bigarren saria ostalariei eman diete, sektorean diharduten langileen artean atzerritik etorritakoak baitira asko. Gustavo Cancinori sukaldari argentinarrak jaso du Martin Argiñanorengandik, eta kozinatzen irakatsi zion andrea izan du gogoan: "Basarri tabernan hasi nintzen sukaldeko lanetan eta gerora gure jatetxea zabaldu genuen eta oso eskertuta nago. Bikaina izan da egin didaten harrera, horren erakusle da emaztea euskalduna dudala eta hiru seme izan ditudala hemen".

Hondurastik etorritako Fabricio, Fernando eta Jimmy Manzanares izan dira oholtzara igo diren hirugarren sarituak. Gurasoei segika etxez aldatu behar izan duten haurren eta nerabeen ahalegina balioetsi nahi izan dute hiru gazteak sarituta. Harrera-familia ekimenetan parte hartu ohi duen Xabier Euzkitzek eman die trofeoa eta Jimmy gazteenak hartu du hitza: "Oso gustuko dugu Zarautz", esan du.

Laugarren aitortza hizkuntza integrazioaren aldeko apustua egin dutenei egin nahi izan diete  aitortza eta herriko euskaltegian euskara ikasten ari du Angela Marte dominikarrak jaso du ikasle guztien izenean Angel Lertxundi idazlearen eskuetatik. Mikrofonoa hartzean, euskaraz ekin dio Martek: "24 urte daramatzat Zarautzen eta ditudan bi alabei etxeko lanekin lagundu ahal izateko hasi nintzen euskara ikasten, zeren, konturatu nintzen bestela ezin izango nuela, baina baita herrian integratzeko ere, oso beharrezkoa baita".

Azkenik, zaintza lanetan diharduten emakume atzerritarrak errekonozitu nahi izan dituzte eta Perutik Zarautzera etorritako Karina Purisacaren bidez egin dute. Artolazabal sailburua izan da Purisacari saria eman diona eta honek hitz hunkigarriak eskaini dizkio  zaintzen duen adineko Jose Galparsoro Etxebarriari: "Oso eskertuta nago Joserekin eta bere familiarekin. Asko ikasten dut harengandik egunero eta euskaraz hitz egiten didanean gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen diodan arren, berak lasai egoteko esaten dit. Asko maite zaitut Jose".

2023an Bilbon

Ekitaldia amaitzeko, Amaia Arregi Bilboko alkateordea eta Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia ere igo dira oholtza gainera lekukoa jasotzeko. Izan ere, datorren urtean Bilbon egingo dute gaurko egunez, 2023ko abenduaren 18an, Migratzailearen Nazioarteko egunean, udalerri arteko bigarren topaketa.