Emaitza onak lortu ditu ZKE Halterofiliak 17 urtez azpiko Espainiako Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 19a, 10:00
Imanol Zulaika entrenatzailea erdian eta Joel Antolin eta Jurgi Hernandez alboetan, Arucasen jokatutako 17 urtez azpiko Espainiako Halterofilia Txapelketan. (Utzitakoa)

Kanariar Uharteetako Arucas hirian izan dira asteburuan Joel Antolin eta Jurgi Hernandez gazteak eta zazpigarren eta bederatzigarren postuan amaitu dute, hurrenez hurren.

Zarautz Kirol Elkarteko Halterofilia taldeko Joel Antolin eta Jurgi Hernandezek zazpigarren eta bederatzigarren postuak lortu dituzte asteburuan Arucasen (Kanariar Uharteak) jokatu den 17 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. 73 kilotik beherako kategorian aritu da Antolin eta 81 kilotik beherakoan Hernandez.

Gauzak horrela, bi gazte zarauztarrek jarraipena eman diote joan den azaroaren 19an Jakes Etxeberriak Murtzian lortu zuen zortzigarren postuari 15 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, 61 kilotik beherako kategorian.