Nadia Erostarbe eta Ruben Vitoria Espainiako Surf zikuituko txapeldun

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 21a, 10:30

Nadia Erostarbe eta Ruben Vitoria Espainiako Surf Zirkuitua irabazi ondoren, 16.000 euroko txekea eskuan dutela. (Utzitakoa)

Las Palmas Kanaria Handikoan jokatu dute azken txapelketa eta bi surflari zarauztarrek bertan lortu dituzten emaitzei esker, Iberdrola eta Fesurfing ligak irabazi dituzte.

Nadia Erostarbe eta Ruben Vitoria surflari zarauztarrek Iberdrola liga eta Fesurfing liga irabazi dituzte hurrenez hurren. Alegia, emakumezkoen eta gizonezkoen Espainiako zirkuituak. Hala, 16.000 euroko beka emango die Espainiako Surf Federazioak herriko bi kirolarietako bakoitzari.

Biek ala biek joan den astean asteazkenetik igandera Las Palmas Kanaria Handikoan, Las Canteras hondartzan, jokatu zen azken txapelketan, Open LPA Surf Cityn, lortu dituzten emaitzei esker irabazi dute zirkuitua. Lehenengo postuan sailkatu zen Erostarbe Las Canteraseko txapelketa horretan eta laugarren Vitoria. Edonola ere, aurreko probetan lortutako emaitzak aitzat hartuz gero, aurkariak baino hobea izan da.