Algarapola bakarrizketa saioak antolatuko ditu Arrano kultur elkarteak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 21a, 13:30
Antton Telleria izango da algarapola Arrano Kultur elkartearen Algarapola ekimen berrian parte hartuko duen lehen umoregileetako bat. (Utzitakoa)

Datorren asteko asteartean egingo dute lehenengo umorezko saio berezia eta otsailetik aurrera jarraipena emango diote. Aurrez, ostiral honetan, kontzertua eskainiko dute Arranopola ekimenaren barruan.

Egun bat aurreratuko dituzte txantxak eta barre algarak Zarauzko Arrano tabernan; izan ere, Algarapola deitu duten umorezko saio berezia antolatu dute Inuzente Egun bezperarako. Abenduaren 27rako, datorren asteartea, alegia. 20:30etan hasiko da saioa eta Iker Plazaola, Antton Telleria, Ana Goitia eta Julen Portillo umoregileen euskarazko bakarrizketez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Saioa antolatu duen Arrano Kultur elkarteak jakinarazi du, gainera, otsailetik aurrera hilero egingo dituztela bakarrizketa saioak. Zentzu horretan, zehaztu du artista hasi berriak zein ibilbide luzeagoa dutenak igoko direla oholtza gainera.

Edonola ere, ekimen berriari hasiera eman aurretik, Arranopola saioen beste hitzordu bat ere izango da ostiral honetan: Pariak Bai Zarauzko taldeak kontzertua eskainiko du ostiralean 20:30ean.