Santa Klara komenturako kultur proposamena aurkeztu du EH Bilduk

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 22a, 09:00
Mitxel Gorrotxategi, Ainhize Larramendi, Itziar Murua eta Imanol Epelde, aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Komentuaren izaera eta erabilpena aztertu ditu koalizioak, eta Kultur Faktoria izenez aurkeztu dute lanketa horren emaitza. Eremuak arte eta sorkuntzarako espazioak, erakusketa aretoa, bulegoak eta taberna edukitzea biltzen ditu koalizioaren aurreproiektuak, eta lan talde batek landu du gaia. 

Zarauzko Udalak Santa Klara komentua eta inguruko lurrak erosi ditu agintaldi honetan; iaz sinatu zuen hitzarmena klaratarrekin, bost milioi euroren truke. Orain, udal baliabide bat izatera igaro den honetan, hurrengo agintaldira begira herriarentzat "proiektu indartsuenetako bat" izan beharko lukeela iritzi dio Zarauzko EH Bilduk, eta, horretarako, talde eragile bat eratu du koalizioak, azpiegituraren izaera eta erabilpena aztertu, landu eta oinarriak zehazteko. Egindako lanketaren emaitzari Santa Klara Kultur Faktoria izena jarri diote, eta aurreproiektuaren dokumentuaren berri eman zuten asteartean, koalizioak Santa Marina kalean duen egoitzan.

Komentuko kultur eskaintzak bost lan ildo eta eremu nagusitan banatuko lituzke EH Bilduk: arte biziak (egonaldi programa, sorkuntza eta meditazioa), interpretazio espazioak (Santa Klara elizako aretoa; ukuilua, eszenatoki informala eta taberna; kanpo oholtza), erakusketa aretoa, bulegoak eta baratzea.

"Edozein proposamen aurkeztu aurretik, argi ikusten genuen kultur arloko herriko jendearekin eta sortzaileekin hitz egin behar genuela", adierazi zuen Itziar Murua EH Bilduko udal taldeko bozeramaile eta alkategaiak. Horrez gain, gertuko kultur ereduak ere hartu dituzte kontuan: Azpeitikoa –Dinamoa, Sanagustin kulturgunea eta Kulturaz kooperatiba– eta Errenteriako Lekuona Fabrika. "Horren guztiaren baturarekin gehi gure hausnarketekin osatu dugu gure proposamena".

EH Bilduk ez du ulertzen Santa Klara eraikin soil bat bezala. Udalak aurreikusten du kulturara bideratuta egongo dela, eta koalizioa erabat ados dago erabaki horrekin, baina iruditzen zaio bestelako analisi bat egin behar dela. "Ezin da ulertu eraikin multzoa baratzerik gabe. Erosketarekin lehen pausoa eman da lur horiek herriari bueltatzeko, baina garrantzia eman behar zaio ez eraikinari bakarrik, baita bere baratzeari eta berdeguneari ere", azaldu zuen Ainhize Larramendi arkitekto eta talde eragileko kideak: "Hori herriarentzako arnasgune eta altxor bezala ikusten dugu".

Teknikoki harrizko eraikin bat da, horma bidezko egituraz osatua, eta kanpotik handia dirudien arren, koalizioarentzat "mugak" ditu eta ez du "edozer gauza onartzen" bere barruan, "egitura hori mantendu egin behar delako eta horrek erabilera asko mugatzen duelako". Eraikin multzoek –elizak, apaiz etxeak eta abarrek– aukera asko ematen dituztela argudiatu zuten, bakoitzaren ezaugarrien arabera.

Ongizatean eragina

Gizarte kohesioa erdiesteko ezinbesteko tresna eraldatzaile gisa ulertzen du kultura EH Bilduk, herriaren ongizatean eragin nabarmena izan beharko lukeena. Halaber, gaitasun integratzailea eta hezitzailea duela azpimarratu zuen. Hori horrela, "uste dugu ez duela kontsumorako eraikin bat bakarrik izan behar", gaineratu zuen Muruak.

Zarautzen kultur baliabideen "eskasia" dagoela ikusten dute: "Modelo aretoa duela urte batzuk erosi zen, eta berritu da. Horrek asko ekarri dio herriari, baina falta diren gauza asko daude. Kultur Faktoria izateko helburuarekin, espazio honek kulturaz gozatzeaz eta kultura kontsumitzeaz gain, kultura sortzeko, bizitzeko, esperimentatzeko eta elkarren artean jarduteko aukera emango luke". Kultura, gainera, zentzu oso zabalean ulertzen du koalizioak: ikerketarako, ikaskuntzarako, sorkuntza prozesuetarako eta hiri laborategirako, besteak beste.

Imanol Epelde taldeko kideak zehaztu zuenez, Zarauzko kultur ekosistema "aberastera eta trinkotzera" dator Kultur Faktoria, "esperientziei balioa eman, komunitatea sendotzeko harremanak trinkotu eta sormena elikatzeko asmoz".

Santa Klaratik era guztietako emaitzak ateratzea jarri nahi dute xede, dela arte edo kultur piezak, dela herrigintzarekin loturikoak. Zarauztar guztientzat irekia izango den espazioa "atsegina, estimulatzailea, propioa eta bizia" izatea nahi dute. "Sorkuntzarako, elkarlanerako eta etengabeko ikaskuntzarako baliabideak eskainiko dituen elkargunea izatea nahi dugu, gozamen iturri izan dadin", zehaztu zuen Epeldek.

Udaleko kudeaketa politiketan beste urrats bat ematen lagundu beharko lukeela iritzi dio EH Bilduk komentuaren etorkizuneko proiektuak. Hain justu ere, administrazio publikoaren "ohiko zurruntasunean malgutasun leiho bat" zabalduta, eta herritarrei parte hartzeko aukera berriak eskainiz; nolabait ere, "kudeaketa partekatu baten aldeko ildoak" martxan jartzearen apustua egiten dute.