Karmele Ezenarrok eta Erik Balentziagak irabazi dute urteko kirolari onenaren saria

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 22a, 16:45

Karmele Ezenarro eta Erik Balentziaga 2022ko kirol sarien irabazleak.

Irristalari eta eskubaloi jokalariarekin batera, mailaz igotzea lortu duten emakumezkoen saskibaloi taldea eta mutil  jubenilen futbol taldea nabarmendu ditu udalak. Guztiek urtarrilaren 27an jasoko dituzte oroigarriak, Modelo Aretoan 19:00etan egingo duten ekitaldian.

2022ko kirol sariek badituzte irabazleak. Herritarren proposamenak aztertuta egiten ditu izendapenak udalak eta aste honetan hartu du erabakia. Sarien helburua da urtean gehien nabarmendu diren kirolari zein kirol taldeei aitortza egitea, baita kirola bultzatzeko ezkutuko lanari balioa ematea ere.

Gauzak horrela, Karmele Ezenarro hautatu dute aurten emakumezko kirolari onenaren saria jasotzeko, emaitza bikainak lortu baititu. Zarauzko Emakume Korrikalari taldeko kideak Gipuzkoako Irristaketa Txapelketa irabazi du, besteak beste, 60 urtetik gorakoen kategorian. Gizonezkoetan, aldiz, Erik Balentziaga eskubaloi jokalaria hautatu dute Frantziako ligan Fenix Toulouse taldearekin egin duen denboraldi bikainagatik.

Talde onenen alorrean, ZKE saskibaloiko emakumezko seniorrak saritu dituzte, batetik,  eta ZKE futboleko mutik jubenilak, bestetik. Biek ala biek maila igotzea lortu zuten joan den denboraldian. Entrenatzaile onenaren saria, berriz, Denis Sanchezek irabazi du urte luzez Zarauztarra Txirrindulari Elkartean egindako lanagatik.

Beste lau sari kirol sari ere banatuko ditu udalak urtarrilaren 27an 19:00etan Modelo aretoan egingo duten galan. Hala, herriko eskubaloi taldean boluntario lanetan 40 urtetik gora eman dituen Antonio Gonzalez Txabarriri Kirol Bizi saria emango diote, aurten 85 urte bete dituen Luixito Garciari Kirol ibilbidearena korrikalari gisa egin dituen urte guztiengatik eta iaz zendu zen Juan Jose Beraziertori aipamen berezia egingo diote herriko txirrindularitzari eman zion guztia eskertzeko.

Horrez gain, kirol babesletza onenaren saria ere emango diote Asti Pinturak enpresari urte asko daramatzalako alor desberdinetako herriko hainbat talde babesten.