Gaztetxe berrian Ikasgela zabalduko dute, eta horri buruzko bilera eta lan saioa antolatu dituzte

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 25a, 12:30

Danda Gazte Asanbladak azaldu du aurreko urtean bezala, aurten ere ikasleei ikasi ahal izateko espazio bat eskaintzearen beharra nabaritu dutela Zarautzen. Bihar jarri dute hitzordua, zerbitzuaren funtzionamendua azaltzeko eta, jarraian, tokia auzolanean prestatzeko.

Danda Gazte Asanbladak jakinarazi du aurreko urtean egin bezala, aurtengo ikasturtean ere Ikasgela irekiko duela. "Zarautzen ikasteko dagoen toki murritza salatu eta Ikasgela berriro ere irekitzeko premia azpimarratu nahi dugu. Aurten, nahiz eta Udal Kiroldegian gela ireki den, lehenago egoten zena baino askoz ere txikiagoa da eta ez dago leku askorik. Gainera, Udal Liburutegia ere berehala betetzen da, eta ikasle asko ikasteko tokirik gabe gelditzen gara", azaldu du prentsa ohar bidez.

Espazioa Gaztetxe berrian irekiko dute, baina zerbitzua zabaldu aurretik, Ikasgelaren funtzionamendua azaltzeko eta espazioa bera egokitzeko bilera eta lan saioa antolatu ditu. Bihar, abenduaren 26a, egingo dute 11:00etan.