Goiz entretenigarria izan dute Santuiturri plazan Gabon Egunari hasiera emateko

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 24a, 14:15

Gozatua hartu dute Santuiturri plazara gerturatu direnek. Batetik, eskulanak egiteko eta puzgarrian jolasteko aukera izan dute haurrek, eta, bestetik, harri-jasotzaileek eta aizkolariek erakustaldia eskaini dute. Horrez gain, txistorra jateko aukera ere izan dute bertaratuek.

Familia ugarik egin dute bat Santuiturri plazan gaur goizean. Guztiek, haur, guraso zein aiton-amonek irribarre zabala zuten ahoan; izan ere, gustura aritu dira jolasean eta harri-jasotzaile eta aizkolariak ikusten.

10:30etatik hasita puzgarrietan jolasteko aukera izan dute txikiek, baita txistorra jateko aukera ere Olentzero eta Mari Domingirentzat egindako marrazki baten truke. Nolanahi ere, gainerakoek ere izan dute mokadutxoa jateko aukera aurrez ordainduta. 

Harri-jasotzaile eta aizkolariek, berriz, 12:30etan ekin diete lanari. Harri-jasotzen, Iraitz Arruti, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a eta Unax Iruretagoiena gazteak aritu dira. Aizkoran, aldiz, Haritz Esnal Arrilla II.a eta Iñigo Landa.