Zarauzko Zikloturista Elkartera batzeko eta federatzeko epea zabaldu dute

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 26a, 12:35
Zarauzko Zikloturista Elkarteko kideak bizikleta irteeran. (Utzitakoa)

Pedalkadak ematea gustuko duen orori zabaldu diote bazkidetzeko deia, bereiziki emakumeei. Internet bidez egin behar da izen ematea elkartearen helbide elektronikora idatzita.

Zarauzko Zikloturista Elkarteak 2023ko bazkidetzak egiteko eta lizentzia berriak eskatzeko epea zabaldu du. Hala, Zarauzko zein inguruko herritako txirrindularitza zaleak animatu dituzte izena ematera. Zentzu horretan, emakumeei gonbita berezia egin diete, azaldu baitute errepideetan gero eta gehiago ikusten diren arren, gorakada ez dela islatu elkarteko bazkideen artean. Elkarteko bazkide egiteko zzelkartea@gmail.com helbidera idatzi beharra dagoela zehaztu dute.

Era berean, gogoratu dute martxotik urrira igandero antolatzen dituztela bizikleta irteerak. Gipuzkoan egiten dituzte batik bat, baina ibilbide bereziagoak ere antolatzen dituzte tarteka Euskal Herritik at. Horrez gain, Haimar Zubeldia klasikoa eta haurrei zuzendutako Txirrindulari txikien eguna ere antolatzen dituzte.

Halaber, federatzeko deia ere egin du Zarauzko Zikloturista Elkarteak, kideen hitzetan, oso garrantzitsua delako istripua izanez gero txirrindularia babestuko duen asegurua izatea.