Plaieroak 2022-2023

Azken txanpan sartu da plaieroen elastiko lehiaketa

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 27a, 11:20

Larunbatean, urteko azken egunean, amaituko da lanak aurkezteko epea. Ondoren, bozketa irekia zabalduko dute eta antolatzaileek urtarrilaren 15ean jakinaraziko dute irabazlea.

2022ak bezalaxe, diseinuak aurkezteko azken egunak dituzte plaieroetako elastiko lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek. Abenduaren 31ean, larunbatean, itxiko dute antolatzailee lanak jasotzeko epea eta urte berriarekin zabalduko dute Interneteko bozketa irekia.

Gauzak horrela, urtarrilaren 1etik 8ra egindako proposamen guztien artean lau aukeratuko dituzte herritarrek. Diseinu irabazlea, berriz, antolatzaileek hautatuko dute itxia izango den bigarren bozketan eta urtarrilaren 15ean jakinaraziko dute ebazpena. 150 euro jasoko ditu irabazleak.

Antolatzaileek azaldu zutenez lehiaketaren helburua da plaieroen irudia hondartzatik atera eta herri osoan zabaltzea. Halaber zehaztu dute elastikoa iraunkorra izatea nahi dutela, euren irudia. Horregatik, parte hartuko duten diseinatzaileei eskatu diete datarik ez jartzeko elastikoan. Horrez gain, inprimatzeari begirako arrazoi teknikoak tarteko, lanak kolore bakarrean aurkeztu beharko dituzte itzal eta erlieberik gabe. Esan bezala, urtea amaitu baino lehen bidali beharko dituzte lan guztiak eta antolakuntza@playeruak.eus posta elektronikora ahalbidetu dute horretarako.