'Laminosine' dantza emanaldia hartuko du Zarautzek datorren hilean

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 27a, 17:20
Bunuztar Xoriak dantza taldeko gazteak Laminosine ikuskizuna prestatzen.

Nafarroa Behereko Bunuztar Xoriak dantza taldeak eskainiko du urtarrilaren 28an Lizardi kirol aretoan. Jalgi dantza taldeak ere hartuko du parte ikuskizunean.

Euskal mitologia ardatz duen eta dantza tradizionala eta dantza garaikidea uztartzen dituen Laminosine ikuskizun berezia eskainiko dute datorren urtarrilaren 28an Zarautzen. Oztibarreko (Nafarroa Behera) Bunuztar Xoriak dantza taldeko nerabeek sortu dute eta dantzarekin batera antzerkia eta zuzeneko musika ere joko dute. Zentzu horretan, komeni da zehaztea emanaldirako espresuki sortutako doinuak izango direla, tradizioa eta berritasuna batzen dutenak horiek ere.

Nahasketa horrekin guztiarekin Lamien topalekua dela dioten Oztibarreko putzu magikora eraman nahi dute publikoa. Horrez gain, kondairak laminosine putzua itsasoari lotuta dagoela ere badio, marea igotakoan putzuak ere gora egiten duelako.

Esan bezala, datorren hilean jarri dute bidaia magiko hori egiteko hitzordua Zarauzko Lizardi kirol aretoan. Emanaldiaren atariko, Jalgi herriko dantza taldea ere igoko da oholtza gainera. Sarrerak zazpi euroan eskuratu daitezke aldez aurretik eta hamar euroan egunean bertan.