Merkatua Bizirik elkartea sortu dute

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 28a, 16:30
Merkatu plazako saltzaileak Merkatua Bizirik elkartearen aurkezpen ekitaldian. (Jabi Gonzalez Toston)

Merkatu plaza biziberritzea du xede eta bertan saltzen duten baserritarrek eta merkatariek osatzen dute. Horretarako, hainbat ekintza garatuko dituzte datorren urtetik aurrera.

Erosketa eta kontsumo ohiturek azken hamarkadetan izandako aldaketek kezkatuta, Merkatu plazan saltzen duten baserritar eta dendariek indarrak batu eta elkarte berria sortu dute: Merkatua Bizirik. 24 negozio dira elkartea osatzen dutenak eta argi dute helburua: "Historia luzea duen Merkatua biziberritzeko proposamenak eta ekimenak eskaini nahi ditugu", azaldu du Basobeltz baserriko Alba Aristik elkartearen aurkezpen agerraldian.

Datorren urtean hasiko dira ekimen horiei forma ematen, eta lehenengo bilera ere hitzartu dute horretarako, urtarrileko bigarren astean egingo dute. Edonola ere, aurrerapenik ere egin dute: "Sasoiko produktuen berri emango dugu  Instagram bidez, eta bestelako informazioa eta albisteak ere zabalduko ditugu. Horrez gain, laguntza bonuak ere eskaini nahi ditugu, baita zozketak egin eta irisgarritasuna erraztu ere". Azken horren harira, parkingerako txartelak eskuratu nahi dituztela azaldu dute.

Eskuartean dituzten ekimen horiek guztiak aurrera eramateko udalarekin jarriko dira harremanetan, baina, bien bitartean, Merkatu plazara gerturatzeko gonbita egin diete herritarrei: "Zarauztar zahar zein gazte, gizon edo emakume, familia txiki edo handi... Zarauzko Merkatu plazan gaude etorri zer daukagun ikustera eta konparatzera". Zentzu horretan, euren lan egiteko moduari balioa eman nahi izan diote: "Zuzeneko harremana dugu bezeroarekin, txikitasunetik, baina harro. Astelehenetik larunbat eguerdira eskaintza zabala eta bakarra dugu: inguruko baserritarren garaiko barazkiak zuzenean plazara ekarriak, haragi eta arrain freskoa, fruta, gazta, loreak eta landareak... merezi duten gauza asko".