Zarauztarren doinuak

Ander Zulaikaren doinuak

Erredakzioa 2023ko urt. 4a, 09:00
Ander Zulaika Bastero kulturgunean, EƱaut Elorrietaren kontzertu batean. (Bastero)

Oraingo honetan Ander Zulaika musikariak helarazi dizkigu bere bost abesti proposamenak. Zulaika bateria-jotzailea da, eta Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador, Egan 50, TikTara, Olatz Zugasti eta Serious Business taldeetan dabil; ordezkapenak ere egiten ditu, besteak beste, Benito Lertxundirekin aritu izan da. Bestalde, Musika eskolako irakaslea ere bada.

STING - SEVEN DAYS

Txikitatik eta gurasoei esker musika asko entzun izan dut beti, eta Sting da etxean gehien jartzen zutenetako bat. Bere 1993ko Ten Summoner's Tales diskoa oso berezia da niretzat, eta bertan dago kantu hau, 5/4 konpasean egon arren entzuteko oso erraza dena. Stingen ahots melodiek eta Vinnie Colaiutaren bateriaren fintasunak bere momentuan harrapatu ninduten eta oraindik ez naute askatu.

JAMIROQUAI - STARCHILD

2008ko abuztuan GaraBi taldearekin jo genuen Azken Portuko jaietan. Soinu-frogaren ostean egun horretan soinu-teknikari lanetan zebilen Mattin Epeldek Jamiroquai taldearen Dynamite diskoa jarri zuen bozgorailuetatik. Txundituta geratu nintzen. Ordutik nire talde kuttunenetako bat izan da, eta hemen duzuen hau disko horretako nire kanta gustukoenetako bat da.

JOHN MAYER - NEON (LIVE IN L.A.)

Gogoan dut Mikel Lazkano lagun min eta gitarra jotzaile apartak kantu hau bidali zidala duela urte batzuk. Lehen konpasetik maitemindu nintzen Mayerren ahotsaz eta gitarra jotzeko duen iaiotasun ikaragarriaz. Bere zale amorratua naiz orduz geroztik eta nire ustetan 2007ko zuzeneko hau bere ibilbidearen gailurra da, nahiz eta disko bikainak egiten jarraitzen duen.

ALAIN PEREZ, TU NOMBRE EN UN BOLERO

Musika latinoaren zale amorratua naiz betidanik, eta gaur egungo artisten artean gehien gustatzen zaidanetako bat Alain Perez kubatarra da. Paco de Luciaren taldeko baxu jotzaile ohiak sekulako diskoak dauzka bere bakarkako ibilbidean, eta 2020 urteko El cuento de la buena pipa laneko harribitxietako bat bolero eder hau da.

SILK SONIC - SMOKING OUT THE WINDOW

Erreparorik gabe esan dezaket Bruno Mars eta Anderson .Paak musikariek 2021ean eta Silk Sonic izenpean ateratako An Evening With Silk Sonic albuma bizitzan entzun dudan disko onenetako bat dela. Kantu ederrak, moldaketa bikainak eta 70eko hamarkadako soul-funkari egindako omenaldi liluragarria da, hip-hopa bezalako estilo modernoagoen ikutuekin. Lan honen barruan dago Smoking Out The Window doinu aparta.