Udaltzaingoaren egoitza berriarren lanetarako lizitazio prozesua zabaldu dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 3a, 16:30
Udaltzaingoaren egoitza berria hartuko duen eraikina. (Zarauzko Udala)

Villa Nuria eraikinean kokatuko da egoitza berria eta 64 asteko epean burutu beharko dituzte egokitze lanak 3,4 milioi euroko gehienezko aurrekontuarekin.

Zarauzko Udaltzaingoaren egoitza lekuz aldatu eta Gurutze Gorriak eta Babes Zibilak hainbat urtez erabili duten Nafarroa kaleko Villa Nuria eraikin eramateko urratsak egiten jarraitzen du udalak. Proiektuak abenduko ohiko plenoan jaso zuen udalbatzaren onespena eta orain, eraikinen egokitzapen lanak egiteko lizitazio prozesua abiatu dute.

Gauzak horrela, lehiaketa publikora aurkeztu nahi duten enpresek dagoeneko egin dezakete euren proposamena. Horretarako kontuan hartu beharko dituzten udalaren baldintzak honako hauek dira: egokitzapena gauzatzeko aurrekontuak 3.388.82,81 euroak ez gainditzea eta lanek 64 aste baino gehiago ez irautea.

Gogoratu, 850 metro karratu inguru izango dituela Villa Nurian kokatuko den udaltzaingoaren egoitza berriak, eta, beraz, nabarmen handituko dituztela instalazioak, egungo egoitzak 225 metro karratu baititu. Horren harira, "proiektuak zerbitzuak etorkizunean izango duen garapena ahalbidetzeko eta bermatzeko beharrezkoak diren elementuak egoki barneratzen dituela" adierazi du Iban San Martin Herri Segurtasuneko zinegotziak.