"Ahoa itxi" dietela salatu du Mikel Goenaga EAko buruzagi ohiak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 4a, 13:45
Mikel Goenaga Gipuzkoako EAko koordinatzaile ohia.

Twitter kontua itxi diote politikari zarauztarrari eta aurrez, joan den urteko otsailean, EAko afiliazioa ere eten zioten. Harekin batera, Maiorga Ramirez eta Iratxe Lopez de Aberasturi kritikoei ere itxi diete sareko kontua, baita Azpeitiko EAri ere.

Mikel Goenaga Gipuzkoako EAko koordinatzaile ohiak salatu du "oso larria" eta "onartezina" dela bai berari eta bai alderdiaren egungo zuzendaritzarekin kritiko agertu diren beste hainbat kideri Twitter kontuak itxi izana. Politikari zarauztarrari afiliazioa eten zion alderdiak Maiora Ramirez Nafarroako parlamentari eta ildo kritikoko buruari eta Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako EAren koordinatzaile ohiari bezalaxe, eta bi hauei ere itxi dizkiete aipatutako sare sozialeko kontuak. Horrez gain, Azpeitiko EAko Twitter kontua ere itxi zuten joan den martxoan.

Egoera honen aurrean, Goenagak kezkatuta erantzun dio UKT Urolako Komunikazio Taldeari; izan ere, ez du ulertzen nola den posible sare sozial bat erabiltzea galaraztea, honek edonork bere iritziak askatasunez azaltzeko espazioa izan behar lukeenean. Hori horrela, zarauztarrak dio "ahoa itxi" dietela eta "adierazpen eskubidea kendu" dietela. EAren Gipuzkoako koordinatzaile ohiak defendatu du, gainera, itxi dituzten kontu guztietako erabiltzaileek errespetuz helarazi dituztela euren kritikak.

Halaber, gertatutakoaren aurrean izan den isiltasuna ere gaitzetsi du Goenagak eta EH Bilduri ere zuzendu dio kritika: "Sinestezina egiten zait gertatutakoa inork publikoan ez salatzea eta ez diot EAgatik soilik, koalizioak ere salatu beharko luke. Guk ditugun ideiak partekatu ez arren, ezin dute ezikusiarena egin pertsona edo talde bat isilarazten badute".

Horrez gain, EAko kritikoak azaldu du salaketa baten ondorioz itxi duela Twitterrek  bere kontua eta nortasuna usurpatzea leporatu diotela salaketa horretan. Erabat zentzugabea jo du hori ere, bere kontu pertsonala delako eta sare sozialak harengana jo ez izana deitoratu du.