"Beti ikasi behar duzu egokitzen dizuten pertsonaia maitatzen"

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 5a, 09:15

IƱigo Azpitarte aktorea 'Ez naiz inoiz Dublinen egon' antzezlaneko zati batean. (Tentazioa)

Tentazioa taldeak Ez naiz inoiz Dublinen egon obra estreinatuko du bihar Donostian, eta oholtza gainera igoko den aktoreetako bat da Iñigo Azpitarte (Zarautz, 1984).

Bihar izango duzue Ez naiz inoiz Dublinen egon obraren estreinaldia. Nola aurkitzen zara ren aurrean?
Urduri baino gehiago, gogotsu nago. Urduritasun puntu horrekin ere bai, noski, baina gogoz egotea dela uste dut inportanteena. Lan gogorra egin ondoren, publikoaren aurrean erakusteko desiratzen gaude. Ea orain arte egin dugun lan guztia nola azaleratzen den oholtza gainean!

Azken entseguetan ibili zarete, baina xehetasun guztiak jada barneratuta dituzue. Zer espero duzue publikoarengandik?
Ideia da gure egitekoa ahalik eta ondoen aurkeztea antzokian. Gero, publikoaren kontua pixka bat gure kontroletik kanpo geratzen da. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Uste dugun erritmo hori baduen antzezlanak... Azken finean, komedia bat da, eta ikuslea barrezka jarriko bagenu ez litzateke batere gaizki egongo.

Aurrez, Urnietako Sarobe zentroan obraren estreinaldi aurrekoa egin zenuten. Test moduko emanaldia izan al zen?
Duela hilabete eta erdi antzeztu genuen bertan, eta publikoaren erantzuna oso positiboa izan zen, egia esan. Nolabait ere, komedia bat izanda, gu egunero gaude gag berdinak errepikatzen eta azkenerako zentzua galtzen diozu, eta jendaurrera eramaterakoan konturatzen zara benetan nola funtzionatzen duen. Eta Sarobe zentroan jendeak oso ongi erreakzionatu zuen, eta barre algara ugari egin zituzten.

Komedia bat dela aipatu duzu. Familia giroko komedia garratz bat da. Barre egiteko, bai, baina hausnarketarako bide ere ematen duena.
Hala da. Edozein obratan topatuko duzu beti pentsaraziko dizun zerbait, baina beno, batez ere komediatik du asko lan honek. Kasu honetan, zer pentsatua ematen duten gai horiek hobeto eramaten dira barrez.

Etxeko alabak bikotekidea ekarriko du etxera, eta lagun hori ikusezina izango da. Gainerako denak fantasia hori onartu ala ez ariko zarete.
Hori da antzezlanaren istorioan sortuko den gatazka. Denbora luzez kanpoan egon ondoren, etxera itzuliko da alaba bikotekide imajinario batekin. Hor hasiko da komedia guztia.

Eta zu zeu anaia nagusia zara, Martin.
Etxean geratu den anaia nagusia. Zerbaitegatik geratu da etxean, baina hori hobe da jendeak antzelana ikusterakoan jakitea. Edonola ere, esan dezaket gainbehera egindako gizon bat dela, eta hortxe utziko dut.

Nola suertatu zitzaizun paper hau antzezteko aukera?
Mireia Gabilondok deitu ninduen, eta esan zidan «zu zaren» pertsonaia bat zeukala niretzat.

Hori nola jasotzen da, ongi ala gaizki?
Tira, beti ikasi behar duzu egokitzen dizuten pertsonaia maitatzen. Ni asko identifikatzen naiz pertsonaiarekin, betiere bizitzako zenbait unetan; izan ere, antzezlanean muturreraino eramanda dago guztia, komedia delako. Alde horretatik, ez dago arazorik, ilusio handia egiten dit.

Sisiforen paperak obrarekin aritu zinen duela pare bat urte, eta, orain, antzezlan berria duzu esku artean. Azkenaldian martxa ona hartu duzu.
Nik uste dut bizitzan gehien gustatzen zaidan gauzetako bat dela antzerkia, eta orduan, aukera ederra izan dut prozesuaz gozatzeko eta jendaurrean antzezteko. Oro har, ikaragarri gozatzen dut antzerkiarekin, bere osotasunean. 

Sisiforen paperak obran ere Mireia Gabilondorekin egin zenuen bat.
Antzezlan horretan Aizpea Goenagarekin batera partekatu zuen zuzendaritza Mireiak, baina, bai,  orduan ere berarekin aritu nintzen lanean. Oso ongi konpontzen gara, eta plazer hutsa da harekin lan egitea.

Mireia Gabilondo, Iñigo Aranburu, Aitziber Garmendia eta zu zeu. Lantalde polita osatu duzue, ezta?
Egia esan, lantalde polita suertatu da, eta Mireiarekin bezalaxe, Iñigorekin eta Aitziberrekin lan egitea plazer bat da.

Antzezteaz gain, musikari ere aritu zara proiektu honetan. Lan bikoitza, beraz.
Bikoitza ere ez da izan, baina nire bi alderdiak lantzeko abagunea izan dut. Besterik gabe, okurritu zitzaigun gauza bat izan zen, eta ez zitzaigun gehiagi kostatu antzezlanean txertatzea. Hor nabil bada, nire bi fazetak berreskuratzen ditudan edo zer, eta kasu honetan, nik sortutako musika entzun ahal izango da oholtza gainean. Alde batetik, obrarako propio sortu dudan abesti original bat, eta abesti horren aldaera bat sarrerarako. Bestetik, aurretik egina neukan abesti bat ere kantatzen dut antzezlanean zehar. My queen izenburua dauka, eta Indigo nire taldearen garaikoa da.

Nolabait ere, zure musikari sena berreskuratu nahian ala?
Tira, aspaldian ez dut ezertxo ere argitaratu... Abestiak sortzen-eta jarraitu dut, hori bai, eta asmoa badut aurrera begira gainbegiratzeko lehengo zein abestik funtzionatzen duten, baita zerbait grabatzekoa ere. Prozesu horretan nagoela esango nuke.

Antzezlanean bertan zuzenean jotzen al duzu musika ala atzetik entzuten da grabatuta?
Zuzenean ariko naiz. Beno, bi gauzak entzungo dira... Ez dut guztia aurreratuko baina! Ikustera gonbidatu nahi dut jendea, bertan deskubritu dezaten.

Horretarako aukera ezin hobea izango da asteburuan Donostian, eta datorren astean Bilbon. Indartsu ekingo diozue, ezbairik gabe!
Potente hasiko gara bi hiriburutan taularatzen, eta orain buruz ez dakizkit, baina jada hitzordu batzuk ere baditugu lotuta aurrera begira. Beraz, oso pozik gaude, eta ea pixkanaka-pixkanaka gehiago ateratzen joaten diren.

Obra honek bere bidea izango duen seinale da hori?
Baietz pentsatu nahiko nuke. Hori aurreikustea zaila izaten da, baina nik sentipen oso onak ditut, eta gogoa, itxaropena eta ilusio handiak ditut hala izan dadin. Merezi dugula uste dut.

Errealitatea onartzearen inguruan

Tentazioa ekoizpen etxeak Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlana estreinatuko du bihar, 19:30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Markos Goikoleak idatzitako lehen obra luzea da honakoa, eta Mireia Gabilondo arduratu da zuzendaritzaz. Iñigo Azpitarterekin batera, Aitziber Garmendia, Iñigo Aranburu eta Gabilondo bera igoko dira oholtza gainera, besteen bizipenak eta errealitatea onartzearen inguruko komedia garratz hau antzeztera.

Bihar eta etzi euskaraz eskainiko dute, eta igandean, berriz, gaztelaniaz. Datorren astean, bien bitartean, Bilboko Arriaga antzokian izango da ikusgai.