"Gauza bat esan eta bestea egiten, EAJ noraezean dabil" EH Bilduren ustez

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 7a, 16:02

Obrak Zarauzko trenbidean, 2021ean.

Koalizioak prentsa ohar bidez kritikatu du Zarauzko Udalak 2022an esandako inbertsioen "erdiak bakarrik gauzatu" dituela, eta uste du Xabier Txurruka alkatea "kontraesanetan" erortzen dela "denekin ondo gelditu nahian" dabilelako. Aurrekontuak eta trena lurperatzearen auzia izan ditu hizpide EH Bilduk bere oharrean.

Zarauzko EH Bildu eta horren bozeramaile Itziar Murua oso kritiko mintzatu dira EAJrekin. Zehazki esateko, Xabier Txurruka alkatea eta haren lantaldea Zarauzko Udalean egiten ari diren kudeaketarekin. Batetik, uste dute Txurruka "kontraesanetan" erortzen ari dela, "denekin ondo gelditu nahian" dabilelako. "Gauza bat esan eta bestea egiten, noraezean dabil EAJ", gaineratu du Muruak. Bestetik, salatu dute aurrekontuetan aurreikusitako inbertsio kopuruetatik urrun dabilela Zarauzko Udala azken bi agintaldietan.

Kontraesanei dagokienez, Muruak azken udalbatzarra izan du ahotan bere iritzia arrazoitzeko: "Azken udalbatzarrean, trenbidea lurperatzeko trazatuaren azterketari jarraipena emateko partida bat jartzeko eskatu zuen EH Bilduk, eta EAJren erantzuna argia izan zen: Orain ez da momentua, esan zuten. EH Bildu harrituta gelditu zen, trenbidea lurperatzeko plataformak bere azken prentsaurrekoan azaldu zuenarekin ez baitu bat egiten EAJk emandako erantzunak".

EH Bilduk zalantzan jarri du EAJren zintzotasuna. "Trenbidea lurperatzearen aldeko plataformak publikoki esan zuen Zarauzko alderdi guztiek adierazi dietela lehentasunezko eta estrategikoa den proiektua dela hori, eta ados daudela trenbidearen lurpeko zatia egungo trazadurarekin lotzeko irtenbide tekniko bideragarri bat landu eta zehaztearekin. Hortaz, zergatik orain lanketa hori egiteko eskaerari ezezkoa? Benetan daude lanketa hori egiteko prest?".

Muruak kritikatu du terrazen ordenantzarekin ere "antzera jokatu" duela EAJk:  "Aurrena akordioa lortu eta sinatu, eta gero, erabakia bozkatzerakoan, abstenitu egin ziren." 

"Txurruka, zarauztarrekin ondo geratu nahi horretan, kontraesanetan erortzen da. Alkateak eta PSEko ordezkariek behin baino gehiagotan EH Bilduren proposamenekin sintonian zeudela esan dute, baina gero, eskaera ia guztiei ezezkoa eman diete", esan du EH Bilduren alkategaiak.

"Inbertsioen erdiak ari dira egiten"

Bestalde, EH Bilduk 2023ko eta 2022ko aurrekontuak izan ditu hizpide, inbertsioetan egindakoa kritikatzeko. "2022rako zazpi milioi euroko inbertsioak onartu ziren plenoan, eta urtean zehar egin diren kreditu aldaketekin 8,7 milioira arte igo zen inbertsioen aurrekontua. Baina gauzatu direnak 4,4 milio bakarrik izan dira".

Muruaren hitzetan, "2022an esandako inbertsioen erdiak bakarrik eraman dituzte aurrera. Gainera, perspektiban ikusita, EAJ-PSEren azken zortzi urteetako batez besteko inbertsioen gauzatze maila %57koa izan da, hau da, esandako hiru euroetatik bi ere ez dituzte erabili"

EH Bilduk uste du 2023ko aurrekontuekin ere "antzerakoa" gertatuko dela. "49,3 milioi euroko aurrekontuak aurkeztu dituzte, eta horietatik inbertsioetarako 10,7 milioi iragarri dituzte. Gainera, aurrekontuetan agertzen ez diren eta gerakinetik egingo dituzten lanak 4,5 milioetara iristen direla iragarri zuen gobernuak. Alegia, 15 milioiko inbertsioak egiteko aukera dute. Baina ez dira aurrekontu errealak, handinahikeriaz puztutako aurrekontuak baizik".