'Close' filma emango dute gaur, jatorrizko hizkuntzan

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 10a, 09:00

Cannesko Zinema Jaialdian epaimahaiaren sari nagusia jaso duen Close film belgiarra eskainiko dute gaur arratsaldean, jatorrizko hizkuntzan, Modelo aretoan.

Girl bere lehen lan luzearekin hainbat aitortza eta sari bereganatu ondoren, Lukas Dhont zinemagileak arrakastaren bide beretik jarraitu du Close filmarekin. Kasu honetan ere gaztetxoak ditu protagonista: Léo eta Rémi 13 urte dituzten betiko lagunak dira, baina pentsaezina den gertaera batek bereizi egingo ditu. Orduan, Léo Sophierengana hurbilduko da, Rémiren amarengana, laguna ulertzen saiatzeko.

Emanaldia 20:30ean hasiko da, eta sarrerak 4,90 euro balio du; online edo Modelo aretoko leihatilan eskuratu daiteke.