Zabalik dago Emakumeen* Etxeko jardueretako izen-ematea

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 11a, 17:10

Zarauzko Emakumeen* Etxea. (Zarauzko Hitza)

Hilaren 20a izango da inskribatzeko azken eguna maiatzera bitartean egingo dituzten Jabetze Eskolako ikastaro eta ekimenetan parte hartu nahi dutenentzat.

Astelehenaz geroztik eman daiteke izena Emakumeen* Exean urtarriletatik maiatzera egingo dituzten Jabetze Eskolako ikastaro eta ekimenetan. Horretarako 943-00 51 36 telefonora deitu, emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera idatzi edo online formulario hau bete behar dute interesdunek hilaren 20a baino lehen.

Egitaraua prestatu duen udaleko Parekidetasun departamentuak azaldu du duenez, jarduera guztiak adin eta interes desberdinetako emakume guzti-guztiei zuzenduta daude. Izan ere, "Berdintasunean eta emakumeon ahalduntzean aurrera egiteko eta feminismotik hausnartzeko esperientziak partekatzeko eta gozatzeko gunea
eskaintzea da helburua" Gloria Vazquez zinegotziaren hitzetan. Hori horrela, izena emateko gonbita egin die herriko emakumeei: "Zarauzko emakumeak animatzen ditugu Emakumeen* Etxera etor daitezen informazio gehiago eskuratzeko eta gehien gustatzen zaien kurtsoetan parte hartzera".

Bada, eskainiko dituzten kurtso horiei erreparatuta, berriak antolatu dituzte, baina baita aurrez egindakoak berreskuratu ere. Zentzu horretan, Bizikletak konpontzeko tailerra eta etxean elektrizitatea, pintura eta brikolajea egiten ikasteko Hartu erremintak! ikastaro praktikoak berriro egingo dituzte.

Berritasun nagusietakoa, aldiz, aurten sortu duten Banandutako amentzako gunea elkargune da. Halaber, aipagarria da jada euskaraz ematen ari ziren Literatura feministari buruzko tailerra  gazteleraz ere emango dutela. Edonola ere, eskainiko dituzten ikastaro eta elkargune guztiak hemen kontsultatu ditzakezue.

Jarduera jarraituez gain, ikus-entzunezkoen proiekzioak edota hitzaldiak bezalako ekimen solteak ere antolatuko dituzte. Hala nola, Ainhoa Zubizarreta Iturralde zarauztarrak egindako Wao okiyenanis dokumentalaren emanaldia, Mari Luz Esteban Galarza antropologia feministan adituaren Andrezaharraren manifestua solasaldia eta Amaia Nausia Pimoulier historian doktoreak gidatutako Ni casadas ni sepultadas liburuaren aurkezpena eta solasaldia.